(t)artu

Erabiltzailearen aurpegia da hau Txetxu Urbieta | Iritzia
2016ko uzt. 28a, 14:50

Euskaltzaindia lanean jarri behar dut. Beti egin dena eta beti egingo dena: tartu. Zer? Bai, tartu. Definizioa litzateke, guri komeni zaigunean, arrakasta lortu duen norbait gutar egitea. GuTARTU egiten dugu. Bilbotarrek diote bilbotar bat nahi duen lekuan jaiotzen dela. Ba, tartzea, teoria horren 3.0 bertsioa litzateke.

Porrotak aitarik eta amarik ez duen bezala, jakina da garaipenak familia latza osatzen duela. Tartzearen trantzea, gainera, oso kuriosoa eta polita izaten da gurea bezalako herrietan. Azkeneko adibidea Aramako mutil gaztearena da. Orain urtebete Txikuri pilotalekura etorri zenean, xapoen herrian, lau katuk ezaguzen zuten mutikoa. Urtebete pasatu denean, benetan diotsuet, tarteka, neure odolekoa dela ere serio demonio pentsatu dudala. Ezagun eta famatu egitearekin bat, aramarra etxeko egin dugu. Baietz ba, aitona Beizamakoa, gure familiaren oso laguna; aitaren anaia, bai, pilotariaren osaba, azpeitiar batekin ezkonduta, alegia, txapeldunak izeba xapo-xapoa duela; txikitan saskibaloian jokatzera gurera etortzen zela, denak oroitzen gara Xubi-rekin nola entrenatzen zuen, bai noski! Eta iazko saninaziyuetan bota zuen juerga –agian ez zen etorri ere egingo, baina berdin dio–, gure semearen lagunekin bota zuela...

Berriro diot, kontatu dizkidatenak entzunez, une batzuetan neure anaia gaztea izan zitekeela ere pentsatu dut. Baina ez, nire anaia bakarra gure herriko taldeak mailaz igotzen dituen txoferra da, munduko txoferrik onena. Eta horrek gutartu beharrik ez du. Eta horrelako asko idatzita, Txetxu, gutartzearen kontrakoa hiri egingo ditek. Ez horixe... Aker-xapo, jaio, bizi eta hil.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu