Martxoak 8, denok kalera!

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sortu 2013ko mar. 7a, 19:43

Martxoaren 8a dugu ostiralean. Emakumeon eskubideak ozen aldarrikatzeko eguna, bizi dugun zapalkuntza egoerari hortzak erakusteko eguna!

Aurtengoa gainera krisi ekonomiko eta sozial larri baten erdian kokatzen da. Indarrean dagoen sistema kapitalista patriarkal ero honek sorturikoa. Guztiontzat da larria egoera hau, baina zer esanik ez emakumeontzat!

Urte luzez borrokatu dugu gure eskubideen alde, ibilbide luze honetan mugimendu feministak eginiko lan handi eta indartsuaren ondorioz urrats asko ematea lortu dugu, feminismoaren bidean tresna eta bitarteko ezberdinak eraikiaz. Orain ordea, sistema kapitalista patriarkalak, agortua den eredu hau berrantolatzeari ekin dio. Emakume eta langileriaren zapalkuntzan oinarrituz sortu duen krisi ekonomiko sozial hau "gainditzeko" aitzakia hartuaz, oraindik eta zapaltzaileagoa izango den eredua eraikitzen hasia da. Sufrimendua eta izerdiaz gain, bidean bizia galdu dutenak ere badira borroka luze honetan. Orain, lortu ditugun eskubideak, epe motzean galtzeko arriskuaren aurrean gaude. Horixe da, egungo gobernuek esku artean duten plana.

Honengatik, inoiz baino garrantzia handiagoa du bestelako eredu sozioekonomiko bat eraikitzen hasteak, benetan herri honentzat, herri hontako emakume eta langileentzat alternatiba erreala izango den eredua. Baina ez lehengo egoera berdinera iristeko, ez! Eredu berri bat eraiki behar dugu, parekidea izango dena, aniztasuna oinarri izango duena, herritarrak oinarri eta helburu izango dituena, harreman eredu justoagoak eraikiko dituena.

Sortuk egunez egun definitu berri duen proiektu politikoa eraikitzeari ekingo dio, euskal estatu sozialista eta feminista helburu izanik bide honetan alternatiba berriak eraikiaz, alternatiba hauek garatzeko tresna berriak eskainiaz.

Baina benetan borroka hau irabazi nahi badugu egunerokoan mugimenduetan lan eginaz soilik lortu daiteke, kalean lanean ibiliaz, gure eskubideak ozen aldarrikatuaz.

Beraz, ostiral honetan aldarrikapen eta borrokarako hitzordu garrantzitsua dugu, emakumeon eskubideak defendatzeko eta feminismoa oinarri izango duen eredu berrri baten beharra dugula ozen esateko eguna da.

Horregatik, Sortutik emakume mugimenduak aste honetan zehar deituriko ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatu nahi dugu! Ostiralean danok kalera!!!

Azpeitiko SORTU