Aspalditik datorren arazoa

Erabiltzailearen aurpegia

Soreasu auzoan tiroa bota zioten katu bati atzo. Katu hori antzutua eta kontrolatua zuen Oinatz elkarte animalistak, beste hainbat katu dituen modu berean.

Aspalditik gabiltz arazoekin auzo horretan katuen kontuan. Mehatxuak jaso izan ditugu, katuak pozoinduko zituztela esanez. Gerora konfirmatu ahal izan dugu mehatxu horiek bete egin dituztela, eta pozoin poltsak jaso ere, jaso izan ditugu. Halaber, albaitaritza zerbitzu bateko lekukotza ere badugu, elkarteko kideak mehatxatu zituen pertsona pozoia erostera joan zela katuei ipintzeko. Guzti hori Ingurumen zinegotziari jakinarazi genion.

Atzo goizean, katua arrastaka zebilela ikusita, albaitariarengana eraman zuten gure elkarteko bi kidek, auto batek harrapatu izango zuela pentsatuta. Zein izan zen haien sorpresa, albaitariak deitu eta katuak tiro bat zuela esan zienean. Bala bizkar hezurrean zuenez, eutanasia aplikatu behar izan zioten katuari. Soreasun bertan beste katu bat falta da, baina haren gorpurik ez dugu aurkitu.

Azpeitiko talde animalista, Oinatz, lanean ari da udalarekin, eta udalaren baimenarekin, katu koloniak erregulatzeko eta antzutzeko.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide