Santa Engraziko egunera irteera antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko api. 6a, 17:31
Datorren igandean, apirilak 14, Santa Engraziako eguna izango da, eta egun osorako egitaraua prestatu dute bertan urtero legez. Gainera, Lagun Onak Mendi Bazkunak hara joateko hitzordua jarri du 09:00etan, anbulatorioaren aurrean. Bi aukera izango dituzte txangora batzen direnek: Azpeititik hara oinez joatea; edo Zestoara autobusez joan, eta Akoa auzotik igo Santa Engraziara.\ \ Herritarrak Santa Engraziara iristean salda banatuko dute. Ondoren, 12:00etan, meza izango da hango baselizan. Ondoren, gaztetxoentzat jolasak izango dira, hala nola itxulapiko apurketa. 14:00etan, berriz, paella bazkaltzeko aukera izango da. Eguraldi ona egiten badu, Santa Engraziako bentan egingo dute otordua, eta txarra egiten badu, berriz, Aizarnan. Arratsaldea ere haurrentzako hainbat jolas antolatuko dute. Gainera, trikitilariak ariko dira giroa alaitzen egun osoan.\ \ Eguna pasatuta, 16:00etan Aizarnara abiatuko dira txangoan parte hartzen duten lagunak, eta 18:00etan izango dute Azpeitira itzultzeko autobusa. Dagoeneko eman daiteke irteerarako izena www.lagunonakmb.org webgunean edo mendizaleen tabernan. Bazkideek lau euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta gainerakoek, sei euro. Apirilaren 11 izango da inskribatzeko azken eguna.