Ilunpe Pilota Elkartea, denboraldi berriari ekiteko prest

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2017ko ira. 5a, 21:43

Klubean aritzeko izen-ematea zabalik dago, eta interesa dutenek hilaren 11n eta 12n Frontoi Txikiko bulegotik igaro beharko dute. Berrikuntza bezala, 2017-2018 denboraldian klubeko kideek matrikula ordaindu beharko dute. Foru Aldundiak aurre-benjaminen eskola kirol sisteman egindako aldaketen ondorioz, maila horretako pilotariek hilean entrenamendu bakarra izango dute eta ez dute lehiaketarik jokatuko. 

Udako atsedenaldiaren ostean eta ikasturte berriarekin batera, Ilunpe Pilota Elkarteak denboraldi berria hasiko du datozen egunetan. Pasa den denboraldiarem amaieran lortutako Gipuzkoako eta Euskal Herriko Herriarteko txapelek emandako indarra baliatuta, kirol urte berriari hasiera emateko prest da Azpeitiko pilota taldea. Azken urteetan pilota izaten ari den bilakaerarekin jarraitzea izango da erronka nagusia.

Denboraldia hasteko, Ilunpen aritzeko izen-ematea zabaldu dute. Horrela, 2017-2018 denboraldian Ilunpe Pilota Elkartearen eskutik esku-pilotan aritu nahi dutenek, edozein delarik ere pilotariari dagokion kategoria, irailaren 11 edo 12an (astelehena edo asteartea) 18:00etatik 20:00etara Frontoi Txikiko bulegotik pasa beharko dute. Bertan, beharrezko azalpenak emateaz gain, izen-emate orriak banatuko dira, eta horiek, behar bezala beteta, irailaren 15erako (ostirala) utzi beharko dira bulego bereko postontzian.

Behin izena emateko epea amaituta, pilotari kopuruaren eta horiek libre dituzten ordu zein egunen arabera taldeak banatuko ditu Ilunpek, kategoria bakoitzari dagozkion entrenamendu egunak zehaztuta. Kasu zehatzen aurrean, gehiengoaren onurak lehentasuna izango du entrenamendu egunak zehazterakoan.

Berritasunak eta aldaketak

2017-2018 denboraldian klubeko kideek matrikula ordaindu beharko dute. Klubaren kudeaketan aurrerapauso bat emateko helburuarekin hartu du erabakia Ilunpek.

Bestalde, aurre-benjaminen mailan (2010-2011 urtetan jaiotakoak) entrenamendu edo lehiaketa eredua aldatzera behartuta aurkitzen da Ilunpe Elkartea. Gipuzkoako Foru Aldundiak maila horretan eskola kirola abian jartzeko egingo duen saiakera dela eta, aurre-benjamin mailan ezingo da inolako lehiaketa sistemarik ezarri. Horrenbestez, Azpeitiko pilota kluba behartuta ikusi da, hasieran behintzat, maila horretako entrenamenduak gutxitzera eta lehiaketa kentzera. Gauzak horrela, hileko azken zapatuetan teknifikazio entrenamenduak eskainiko dituzte goizez aurre-benjamin mailako pilotarientzat. Maila horretako pilotariek hilean entrenamendu bakarra izango dutela ikusita, ez dute matrikularik ordaindu beharko. Hala ere, izen-ematea bete beharko dute gainontzeko mailetako pilotariek bezala.

Gainontzeko mailak honakoak izango dira: Benjaminak (2008-2009 urteetan jaiotakoak) , Alebinak (2006-2007 urteetan jaiotakoak), Infantilak (2004-2005 urteetan jaiotakoak), Kadeteak (2002-2001 urteetan jaiotakoak), Jubenilak (2000-2001 urteetan jaiotakoak) eta Seniorrak (1999 urtean edo lehenago jaiotakoak).

Ilunpeko zuzendaritza batzordeak pasa den denboraldian zaleen partetik jasotako babesa eskertu eta denboraldi honetan ere arrakastak errepikatu ahal izateko lan egiteko konpromisoa adierazi du.