Azpeitiak 2 eta 1 hartu du aurre Herriartekoaren finalaurrekoan

Erabiltzailearen aurpegia Ilunpe Pilota Elkartea 2015ko eka. 20a, 12:51
Argazkia: Eneritz Albizu.

Azpeitiak 2 eta 1 aurre hartu dio Astigarragari Herriarteko esku pilota txapelketako finalaurrekoetan. Ostiralean Azpeitiako Frontoi Txiki pilotalekuan jokaturiko partiden ostean, Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek osaturiko ordezkaritzak aurrerapauso garrantzitsua eman du final handiari begira

Frontoia jendez gainezka zelarik, kadete mailako partidekin hasi zen jaialdia. Partida estua eta emozio handikoa aurreikusi zuten adituek, eta ez zuten hutsik egin. Azpeitiarren taldean Jon Alberdi eta Mikel Unanue aritu ziren lehian eta ez zuten lan erraza izan Esposito Astigarragarrari aurre egiten. Orain arte jokatutako partidetan bezala, Alberdi izan zen aurreko kuadroetan lehiari ekin ziona, baina partida hartzen ari zen norabide okerra ikusita, atzera pasa zen Unanueri sakearen erantzukizuna utziz. Bikain erantzun zuen eta bien artean, partida itzuli eta 22 eta 16 irabaztea lortu zuten.

Jubeniletan, zaharragoen aurka jokatzea tokatu zitzaien beste behin Gorka Iriarte eta Julen Egiguren azpeitiarrei. Lan ona egin zuten eta partida erdira arte markagailua parean mantentzea lortu zuten. Hala ere, ezin izan zuten porrota ekidin eta 22 eta 14ko emaitzarekin Astigarragakoak gailendu ziren.

Azkenik, seniorretan, Azpeitia nagusitu zen berriro ere. Jurgi Larrañagak eta Daniel Murgiondok pilotalekua bete zuten ikusleak jakiarazi zituzten sekulako maila dutela erakutsiz beste behin. Hasieratik izan ziren markagailuan aurretik eta arazorik gabe irabaztea lortu zuten, 22 eta 9.

Gauzak horrela, 2 eta 1 aldeko emaitza eta 11 tantoko abantaila eramango dituzte azpeitiarrek datorren astean Astigarragan jokatuko diren itzulerako partidetara. Horiek, ziurrenik, igande arratsaldean jokatuko dira. Uztailaren 5eko final handian egon nahi badute azpeitiarrek, berriro ere euren hoberena eman beharko dute, kantxa faktoreak eragin handia izan baitezake.

Amaitzeko aipatu Ilunpe Elkarteak, Kontxi Arrandegia, Barrenetxe Harategia eta Kutxillo Anaien eskutik otarra zoragarri bat zozketatu zuela. Oraingoan Julen Goenaga 'Arbe' izan zen sariaren irabazlea. Zorionak!