Koronabirusa Azpeitian

Sakatu behingoz botoia

Erabiltzailearen aurpegia Ignacio Arakistain 2020ko api. 17a, 00:45

Apal ertzean gordetako liburu bat, gustukoa dugun abestiren bat, klasikotzat jotzen den baina ikusi gabe nuen pelikula on bat. Denok gabiltza barealdi behartu honetan kultura adierazpen desberdinen iturri amaigabeetatik edaten. Entretenimendurako ordu zabalak uzten dizkigu etxean egon beharrak, eta buruan bete ezinean dauzkagun dudaz jositako isilune deseroso horiek are ankerrago bihurtzen dira. Balkoirik balkoi, txalo zartada artean sortu den bizitza sozial artifizialak, gizakion harreman bitalak eten naiz besarkadak izoztu baditu ere, esperantza badelakoan nago, hor baititugu artea eta kultura, gu salbatu nahian.

Ugariak dira egunotan martxan jarri diren ekimenak, denon mugikorretara lehendik ahaztua, baztertua izan den balio hori irits dadin. Balio kulturala, gizakiari zer den eta nolako mundua eraiki behar lukeen hausnarrarazten laguntzen diona, ez da hain mimatua izan orain arte. Mimatua diodan arren, benetan kariñoz eta begirunez ari al gara harremantzen kulturarekin? Azken finean, kulturara eginiko hurbilketak arrazoi aparteko bat du atzean, eta hori kontsumitzeko jarri zaizkigun erraztasun ekonomiko, material eta etikoak oso ezohikoak ari dira izaten. Gremioaz eta horrek egunotan esateko duenaz asko irakurri dut azken egunotan, eta osasun-krisi bortitz hau amaitzean gure begiek aurrean izango duten mundu berrituan-edo arteak izan behar lukeen tokia lehen lerrokoa dela iruditzen zait. Aitzakiarik gabe, zintzotasunez aitortuz orain arte ez garela txukun portatu berarekin eta ez diogula eman gu guztiongan merezi duen tokia.

Kontu korronte publikoak hutsak daudelako, zer egina badelako horren aurretik ala horiena –denona, azken finean– festa bat delako. Kasu gehienetan egon izan da botere politikoaren eta kultur arloaren arteko bizikidetza arazo bat, boterean dagoen alderdiaren ideologia dena delakoa izanda ere. Ez baita, gai horretan, praktikan gauzatu ezin diren neurriak martxan jartzearen arazoa edota sektore konkretu bati izan beharreko deferentzia. Pertsonengan hazten da, lore kiribiltsu ederra bailitzan, kulturarekiko interesa hasieran, beharra ondoren eta gose bizia azkenik. Ez badiogu interes hori piztuko duen botoiari inoiz sakatzen, gizarte ergel, mugatu eta goserik gabe bat ariko gara sortzen.

Hori horrela izanik, konfinamendu egoera hau amaitzean kontzertuen agenda, zinema aretoak zein produkzio berriak martxan jartzeko beharko den denbora erabili dezagun krisia latz pairatuko duten ofizio horiek gure lehentasun piramidean mailaz igotzeko. Espainiako Gobernuak kulturari lotutako neurri espezifikorik ez hartzeko asmoa azaldu zuen duela pare bat aste eskaini zuen eta azken boladan hainbeste gustatzen zaizkion prentsaurreko epiko, sentimental eta askotan edukirik gabeko horietako batean. Gaur, berriz, kultura lehen mailako behar izendatzea onartzera doazela entzun da, Alemaniak duela hilabete egin zuen gauza berbera eginaz, bestalde. Berandu dabiltza, beti bezala, artearen eta kulturaren trenak, abiadura handiagoan baitoaz. Ez zaie axola, ordea, norberarentzat baliorik ez duen zerbait galtzen duenak ez baitu horren galera sumatzen.