Badator Elkartasun Eguna 2013

Erabiltzailearen aurpegia Herrira 2013ko mai. 9a, 01:31

Egun osoko egitaraua antolatu dute hilaren 18rako, eta kroserako zein bazkarirako sarrerak salgai daude dagoeneko.

Osatu dugu hil honen 18an, zapatua, Azpeitian ospatuko den Elkartasun Eguneko egitaraua. Aste honetan egin dugu aurkezpena eta hementxe duzue egitaraua:

11:30ean emango zaio egunari hasiera Elkartasun Krossarekin. Herriko plazan izango da irteera eta bost kilometroko ibilbidea egin beharko dute lasterkariek.

Dortsalak salgai daude dagoeneko, 10 euroren trukean. Azpeitian, Aradi eta Aitzaki kirol dendetan, igerilekuan eta Orkatz tabernan eskuratu daitezke. Azkoitian, berriz, igerilekuan. Eta Zestoan, Koiote tabernan. Egunean bertan ere izango da erosteko aukera 10:30etik aurrera irteera tokian bertan 12 euroren trukean. Parte hartzaile guztiei bixera bana emango zaie opari, krossa amaitu ostean dutxatzeko aukera izango dute Izarraitz pilotalekuan, eta indar berritzeko hamaiketakorik ere ez da faltako.

Ondoren, 13:00etan, herri kirolen txanda izango da plazan bertan. Neskaz eta mutilez osatutako hiru talderen arteko erronka izango da ikusgai. Lasto altxatzen, ingudearekin, txingak eramaten, trontzan, lokotx biltzen eta sokatiran aritu beharko dute.

14:30ean ederki jan eta edateko bazkariaren txanda izango da Berdura Plazan. Bazkarirako txartelak ere salgai daude dagoeneko Jim Clark, Izaro, Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. Langabetuek eta ikasleek 12 euro ordaindu beharko dute eta langileek 15 euro.

17:00etatik aurrera, Olazko Andre Mariaren plazatxoan Eriz Magoak ikuskizuna eskainiko du txikitxoenentzat.

18:30ean, abiatuko da manifestazioa plazatik Salbuespen egoerak eten, Euskal presoak Euskal Herrira lelopean. Ondoren, Eskandalue elektrotxarangak kalejira egingo du.

Eguna amaitzeko, 23:00etatik aurrera, Belar Txarrak eta M.C.D. taldeen kontzertuak izango dira entzungai herriko plazan.

Horrez gain, egun guztian zehar presoek eginiko materialen erakusketa eta txosna izango dira plazan. Azpeitiko Herrira bilgunetik herritar guztioi deia luzatzen dizuegu Elkartasun Egunerako prestatu ditugun ekimenetan parte hartzeko, eta herriko preso eta iheslariei elkartasuna adierazteko.