Bertso afaria izango da ostiralean Gaztetxean, Erresistentzia Kutxa Nazionalaren alde

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie | Aisia
2019ko ira. 18a, 10:29

Bertso afarirako sarrerak salgai daude Korrale, Urola Expres eta Izaro tabernetan. Egitasmoarekin ateratako irabazi ekonomikoak Errakiren Erresistentzia Kutxa Nazionalerako izango dira. 

Elkartasun bertso afaria antolatu dute Azpeitiko Gaztetxeak eta Krisiaren Seme-alabak taldeak datorren ostiralerako, hilaren 20rako. Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Aitor Bizkarra abadiñoarra arituko dira kantuan mahaiaren bueltan. Afaria 21:30ean hasiko da.

Bertso afarirako sarrerak salgai daude Korrale, Urola Expres eta Izaro tabernetan. Landunek 12 euro ordaindu beharko dute afarirako txartela. Langabeek, aldiz, 10 euro. Honako hau izango da menua: entsalada, patatak errioxar erara edo barazkidun gisatua eta etxeko natilak. Patxarana ere izango da postrearekin batera.

Erresistentzia Kutxa Nazionalari bultzada

Joan zen martxoan jaio zen Erraki babes sarea, gune autogestionatuen defentsarako mekanismo eraginkorrak sortzeko eta garatzeko. Haren sorreratik lan ildo ugari jorratu izan ditu Errakik, sakabanatutako indarrak metatuz eta gatazka egoeren aurrean erantzuteko baliabide espezifikoak garatuz: arrisku egoeretan dauden gune autogestionatuetan auzolanak antolatuz, erresistentzia kanpainak hauspotuz, elkartasun ekonomikoa praktikara eramanez… Ildo horretatik sortu da Errakiren Erresistentzia Kutxa Nazionalaren egitasmoa. 

Baina, zer da Erresistentzia Kutxa Nazionala? Elkartasuna eta elkar babesa oinarri, borrokan ari diren langile kontrol espazioei laguntza ekonomikoa emateko gaitasuna eskuratzea erraztu eta ahalbidetuko duen tresna da; izan ere, askotarikoak izaten dira arriskuan dauden espazioek izaten dituzten gastu ekonomikoak. Modu horretan, eraikinen egokitzapenek, erresistentzia kanpainek, isunek, abokatuek etbr… sarritan espazioetan egoten den gaitasun ekonomikoa gainditzen dute. Ondorioz, espazioetako militanteek jazarpenen ondorio diren behar ekonomikoei erantzutera edo aurre egitera bideratzen dute beraien jardun politikoa.

Azpeitiko Gaztetxea eta Krisiaren Seme-alabaken proiektua Errakiri lotutako espazioak dira. Horrek esan nahi du, bi talde horiek prest daudela beren alea jartzeko Erraki eraginkor izan dadin, izan baliabide pertsonalak eskainiz, izan baliabide materialak utziz edo beste hainbat modutara babes erreminta indartuz.

Ezin dugu ahaztu gune autogestionatuen zaurgarritasun egoera etengabea dela; hau da, nahiz eta espazio batzuen aurkako inolako arriskurik ez egon, edozein momentutan eta edozein arrazoirengatik piztu daiteke horien aurkako prozeduraren bat. Egoera baten aurrean gune autogestionatuen defentsarako tresna efektiboen beharra begien bistakoa da. Egoera horretan egonik, agerikoa da babes eta elkartasunerako antolakuntza forma berriak pentsatu eta esperimentatu behar ditugula. Gogoratzekoa da Gernikako Eztenaren kasua, baita Errotxapea, Maravillas, Printza, Ezpala, Burlata eta Esparru gaztetxeen egoera ere. Ugariak dira jasan dituzten erasoak, eta handiak aurrean izango dituzten isunak.

Horrenbestez, ostiraleko bertso afarian ateratako irabazi ekonomikoak Errakiren Erresistentzia Kutxa Nazionalerako izango dira. Saretzeak soilik salba gaitzake.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu