Bueltan da Azpeitiko Gaztetxearen Korto Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Gaztetxie | Kultura
2019ko api. 8a, 13:18

Azpeitiko Gaztetxeak Korto Txapelketa antolatu du bigarren urtez jarraian. Iazko edizioak izandako arrakastaren ostean, Gaztetxeko asanbladak berriro prestatu du film laburren sariketa aurtengorako, eta hitzorduak badu data dagoeneko.

Iaz bezala, Gaztetxeko Gazte Astearen barruan izango da Korto Txapelketa. Aurten, apirilaren 29tik maiatzaren 5era egingo dugu Gazte Astea, eta Korto Txapelketa maiatzaren 2an, ostegunez, izango da. Bideoak egitera animatzen direnek egun horretan Gaztetxera eraman beharko dituzte sortutako lanak, mp4 edo avi formatuan. Film laburrek bi minutu iraun beharko dute gutxienez, eta zortzi minutu gehienez.

Joan zen urtean Joseba Sarrionandiaren 'Ez diren gauzak' olerkiaren lehen esaldia izan zen film laburren gaia. Aurten, aldiz, hitz bat hartu dugu gai gisa. Hain zuzen, 'Pozoina' izango da aurtengo Korto Txapelketaren gaia. Parte-hartzaileek nahi duten eran jolas dezakete horrekin, eta beraiek erabaki beharko dute zein ikuspuntutatik heldu gaiari: umoretik, aldarritik, salaketatik, abstrakziotik...

Film laburren proiekzioa 21:30 aldera hasiko da, aurrez izango diren hitzaldiaren eta Pitzapotearen ostean, hain zuzen. Dena den, oraingoz Korto Txapelketari dagokion informazioa emango dugu, eta aurrerago azalduko ditugu Gazte Asterako prestatutako egitarauaren xehetasun guztiak. Txapelketara aurkeztutako bideoak ikusi ostean, bi sari banatuko dira. Iaz bezala, sari bat epaimahaiak erabakiko du, eta bigarrena Txalometroak. Epaimahaia nork osatuko duen aurrerago jakinaraziko dugu.

Bitartean, astindu irudimena, eta ekin bideoak sortzeari!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu