Ekintzaz beteta dator urtarrila Gaztetxera

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko urt. 7a, 10:05
Denetariko jarduerez jositako urtea agurtu berri dugu. 2018an aisialdirako tartea hartu ez ezik, hainbat gairen inguruko lanketa egin genuen, hainbat elkarretaratze eta manifestazio deitu genituen eta askotan mobilizatu ginen aldarri jakinen alde. Kaleko ikuspegitik aritu gara lanean, eta horretan jarraituko dugu aurten. \ \ Hoi Denk Zirkue ikuskizunak ireki zuen Gaztetxearen urtarrileko agenda. Jendetza bertaratu zen ikuskizunera, eta eskerrak eman beharrean gaude. Alde batetik, mila esker gure etxeko artistei, Ekaini, Iagori eta Xantiri. Mundiala da gurekin batera hazten ari zaretela ikustea. Pentsatu nahi dugu urte luzez bertan izango zaituztegula. Gaztetxeko ateak beti izango dituzue zabalik. Bestetik, eskerrak Garaziri eta Iraitzi. Zuek ere etxeko sentitu zinetela espero dugu. \ \ Kuttuna dugu zirkoa, baina hura igarota, ohiko lanean jarraitzen dugu. Horregatik, urtarrilerako hainbat hitzordu prestatu ditugu. Bueltan datoz Zine Zikloak. Oraingoan, Zine Ziklo Klaustrofobikoa antolatu dugu. Izen hori zergatik jarri diogun aurrerako azalduko dizuegu, baina jakin hiru film emango ditugula, denak ostegunetan, 21:00etan hasita. Eskainiko dugun aurreneko filma 'Mustang' izango da, eta hilaren 17an emango dugu. Hilaren 24an 'La muerte y la doncella' izango da ikusgai Gaztetxean, eta hilaren 31n 'Doce hombres sin piedad'. \ \ Film emanaldiez gain, musika izango da protagonista urtarrilean. Izan ere, kontzertu dotoreak izango dira urtarrilaren 26an Gaztetxean. Orreaga 778 taldea igoko da etxeko oholtza handira, eta harekin batera Gaztetxean joko dute Asedio eta Cuero taldeek. Haien kontzertuen ostean, 'pintxadie' eskainiko dute Bebak eta Aztakolek. Data gerturatzen den heinean jakinaraziko ditugu hitzorduen xehetasun guztiak. \ \ Horiexek, oraingoz, itxita ditugun hitzorduak. Ateak, aldiz, irekita. \ Nahi izatekotan, Gaztetxean ikusiko dugu elkar!