Nekane Zinkunegi eta Josu Oiarzabal, Osinalde Sariketan

Erabiltzailearen aurpegia Erniarraitz 2012ko api. 19a, 10:15
Osinalde bertsolari gazteen 41. sariketa iritsi da amaierara. Honako bertsolariak lehiatu ziren finalean: Idiazabalen sailkatutako Peio Ormazabal eta Maddi Ane Txoperena, Aztirin sailkatutako Nekane Zinkunegi eta Josu Oiarzabal 'Xenpelar', eta Ordizian sailkatutako Amaia Iturriotz urretxuarra eta Imanol Uria. Beraz, Erniarraizko bi bertsolari sailkatu ziren finalerako. Amaia Iturriotzek irabazi zuen sariketa eta baita publikoaren saria ere, Peio izan zen bigarrena eta 'Xenpelar'-ek jaso zuen bertsorik onenaren saria.\ \ Agurren ostean hasteko bakoitzak bi puntu erantzun behar zituen eta 'Xenpelar' oso egoki aritu zen, denetan txukunena. Ondoren, zortziko handiari ekin zioten eta hemen ere Nekane eta 'Xenpelar' txukun aritu ziren. Zortziko txikiko ariketari ekin ziotenean 'Xenpelar'-ek bere bizitasun eta azkartasuna praktikan jarriz saio osoko bertso onena abestu zuen eta horri esker lortu zuen bertso onenaren saria. Handik aurrera beheraka joan zen 'Xenpelar', huts egite nabarmenik gabe baino ordura arte zeukan bizitasuna galdu egin zuen.\ \ Nekane Aztiriko saioan ez bezala, bere lekua ezin bilatuta ibili zen. Alegia, bertsotan txukun eginez (berak ondo dakien bezala) baina borobildu ezinik, azken ziztada finalaren presioak kendu izan balio bezala. Aztiriko saioan gaiek tarte pixka bat utzi ziotenean bota zituen perlak botatzeko aukera ezin bilaturik. \ \ Amaia Iturriotzek saio dotorea egin zuen. Kostata hasi zen eta guri bakarkakora arte 'Xenpelar' bere aurretik zela iruditzen zitzaigu. Baina bakarkako lanean eta kartzelan aparra bezala igo zen eta ongi merezita lortu zuen txapela.\ \ Zorionak Amaiari eta nola ez Erniarraizko bi partaideei. Bejondaizuela!\ \ PS: Goierri Telebistan sariketa honen orduerdiko laburpen bideoa ipini dute. Hemen duzue eskura: http://www.gitb.info/index.php?option=com_hwdvideoshare&task=viewvideo&Itemid=10&video_id=2399