Herriko lau puntutan eskatu ahal izango dira Errigorako saskiak larunbatetik aurrera

Zapatutik azaroaren 12ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak Orkatzen, Elkargunean, Elikagunean eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin egin ahalko dira eskaerak, baita Errigoraren webgunean ere. Aurtengo kanpainan hiru saski eskaintzen ditu Errigorak: beltza, berdea eta zuria. Urtero gisan, lortutako zenbatekoaren Nafarroako %25 euskalgintzara bideratuko du Errigorak.

Udazkeneko Errigoraren kanpaina gainean da, eta aurtengoan ere herriko toki ezberdinetan izango dute herritarrek saskia eskatzeko aukera. Zapatutik azaroaren 12ra bitartean egin ahal izango dira eskaerak Orkatz kultur elkartean, Soreasuko Elkargunean, Azoka Plazako Elikagunean eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin. Leku horietan ez ezik, Errigoraren webgunean ere egin ahal izango dira Internet bidezko eskaerak. Sakia online eskatzen dutenek momentuan ordainduko dute, eta gainerakoek, saskia jasotzean.

Aurtengo kanpainan hiru saski eskaintzen ditu Errigorak: beltza (betikoa), 50 euroko balioa duena, kanpaina honetako saski klasikoa –Korrikaren katilua ere jasoko du eskaera egiten duenak–; berdea (ekologikoa), 60 euroko balioa duena, produktu ekologikoz osatutakoa –Seaskaren egutegia eskuratuko du eskaera egiten duenak–; eta zuria (berezia), 70 eurokoa, produktu guztiekin osatutakoa –Sortzenen D ereduaren haziak jasoko ditu eskaera egiten duenak–.

Aurten Errigorak egin duen elkartasun-planteamendua berezia da: saski beltza eta Korrikaren katilua eskatuta, 12,5 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari (saskiaren balioaren %25) eta bost eurokoa AEKri. Saski berdea eta Seaskaren egutegia eskatuta, hamabost euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari eta bost eurokoa Seaskari; eta saski zuria eta D ereduaren haziak eskatuta, 17,5 euroko ekarpena egingo zaio zonaldeko euskalgintzari, eta bost eurokoa Sortzeni.

Errigoraren kanpaina auzolanean antolatzen da. Herriz herri eskuorriak banatzen, eskaerak jasotzen eta saskiak banatzen boluntarioak aritzen dira, eta produktuak gutxi gorabehera merkatu prezioan jaso arren, zenbatekoaren %25 bideratzen da euskalgintzara.

Saskietako produktuen informazioa

Saski beltzak honako produktu hauek ditu: oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, karduak, potxak, tomate frijitua, mahats-zukua, botila ardoa, pikillo marmelada, teilak, mertxika almibarretan eta piper-mamia. Saski berdeak, berriz, honako produktu hauek jasotzen ditu: oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, txitxirioak, barazki-menestra, pasta, arroza, botila ardoa, ardo-ozpina eta udare-zukua. Saski zuriak, aldiz, honako produktu hauek jasotzen ditu: oliba-olio birjina estra, orburuak, pikillo piperrak, zainzuri zuriak, kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak eta arbendol-polboroiak.

Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko 25 ekoizlek eskainiko dituzte aurten Errigoraren saskietarako produktuak: Ablitasgo kooperatiba, El Alcaraván (Argedas), Almanaque (Andosilla), El Agricultor (Lerin), Aristu (Irunberri), Azanza (Abartzuza), Azpea (Irunberri), Biosasun (Discastillo), La casa del aceite (Cascante), Bardea (San Isidro del Pinar), La Churta (Allo), Ebrón (San Adrian), Enara (Arroitz), El Escolar (San Adrian), Gobeiaberri (Lodosa), Iturri (Arroitz), Larrinaga (Urantzia), Lezaun (Lakar), María Jesús (Ablitas), Martinelli (Beriain), Mendiko (Oibar), El Molinero (Arroitz), Monasterio de Cascante, Pedro Luis (Lodosa) eta Urrutia (Uxue).