Langileen Udaberria

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2018ko api. 26a, 13:52
3.000 urte baino gehiago dira ezagutzen den lehenengo langile greba izan zela Egipton. Ramses III.aren agintaldian, egarriz eta gosez zeudela argudiatuta beren beharrak utzi zituzten 60 bat langilek. 200 bat urte izango dira dokumentaturiko lehen greba sindikalak agertu zirela Ingalaterran, makina txikitzaileen eskutik; eta 180 bat urte gremioak antolatzen hasi zirela. Orain 132 urte, ordea, 1886ko maiatzaren 1ean, hain zuzen ere, AEBetan greba orokorra egin zen, zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Chicagon, egoera okerragoa zenez, maiatzaren 4a arte luzatu zuten, eta hildako ugari utzi zituen gertakizunak; 'Chicagoko martiriak' bezala ezagutzen ditugu horiek gaur egun.\ \ Azkoitian, ustez, lehenengo greba 1890eko maiatzean egin zuten, eta epe motzeko fruiturik eman ez bazuen ere, langileen aldeko hainbat erakunde sortu zen. Bestalde, 1903ko urrian Bilbon hasi zen meatzarien greba orokor luze eta gogorra. Garai hartatik aurrera, gurean ere lan gatazkak areagotu egin ziren.\ \ 1919an, herriko tailer txikien artean greba bat baino gehiago izan ziren. Azpeitiak lan gatazka kolektibo bat izan zuen, organo-lantegian irudikatu zena; gobernuak onarturiko zortzi orduko lanaldia eskatuz greban hasi ziren lantegiko hamahiru langileak, hamar ordu eta erdi egiten baitzituzten. 1925ean ere, Azpeitian greba bat baino gehiago izan ziren, legezko zortzi orduko lanaldia eskatzeko. Langileek errepresioa jasan zuten, greban nabarmendu zirenak kalera bota zituzten, langileen esanetan. Baina baziren legea onartzen hasi ziren lantegiak ere. Ordutik aurrera, hurrengo hamarkadetan sindikatuen eta elkarteen sorrera areagotu zen, eta grebak ere bai. 1936ko ekainean greba hasi zen, baina ez zen izan Azpeitira mugatutako protesta bat, Gipuzkoa osoa hartu baitzuen.\ \ Orduan ere baziren langileen mobilizazioak ezertarako balio ez zutela zioten mitoak. Baina nahiz eta batzuetan langileek nahi zutena lortu ez, langile klasearen eta klaseen arteko gatazkaren kontzientzia indartuz joan ziren, eta antolaketari bide eman zitzaion.\ \ Datorren asteko Maiatzaren 1ean berriz ere langileok eta horien onuradunak garen beste guztiok kaleak bete beharrean aurkitzen gara. Orain ehun urte bezala, gaur ere, lan orduen gaiak gatazkak eragiten ditu; langile eskubideen defentsan nabarmentzen direnak zigortuak izaten dira; ehun langile baino gehiagoko enpresa bat baino gehiago dira sindikatuei ateak itxi dizkietenak; herrian eta inguruko herrietan; lan erreformarekin azken hamarkadetan lorturiko eskubideak goitik behera bota dizkigute; eta lanaren eta bizitzaren kontziliazioa urrun daude oraindik. Horregatik, Elkar-ekineko kideok herritarroi dei egiten dizuegu datorren Maiatzaren 1erako antolatu diren mobilizazioetan parte har dezazuen, Egiptokoak, Chicagokoak, Azkoitikoak, Bilbokoak, Azpeitikoak, Ingalaterrakoak eta horiek bezala mundu guztiko langileen duintasunak eta eskubideek bermeak behar dituztela aldarrikatzeko.