Arrakastaz abiatu dira energiaren inguruko jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2014ko eka. 26a, 23:23
Asteazkenean Sanagustin kulturgunean bildutako laurogeita hamar lagun inguruk Goiener-en hitzaldia entzun eta beraien kezkak argitzeko aukera izan zuten. Energia eredu garbi baten aldeko apustu sendoa eginez, Goiener kooperatibak bazkide izateko aukera luzatu zuen bertan, dagoeneko 1.700 herritar baino gehiagok babesten dutelarik, tartean zenbait elkarte eta udaletxe. Bazkidetza hau modu errazean egin daiteke beraien webgunetik, www.goiener.com atarian.\ \ Bestetik, Azpeitiko gaztetxie, Sanagustin Kulturgunea, Piztu lantaldea eta Elkar-Ekin Aldaketa Herritik taldeek Energia jardunaldiak ekimenari jarraipena emango dio Azpeitiko gaztetxean antolatu den 'fracking'-aren inguruko hitzaldiarekin datorren asteazkenean, uztailaren 2a. Haustura hidraulikoaren gaiaz mintzatzeko Fracking Ez Araba-ko lagunak gonbidatu ditugu. Gogoratu Azpeitia eta Urola bailarako beste herri batzuk (Azkoitia eta Zestoa, esaterako) 'fracking'-aren mehatxupean daudela salatu berri duela Eguzki talde ekologistak orain aste batzuk. Haustura hidraulikoaren bidez lurpean diren arbel eta eskistoetatik gasa lortzeko teknika honek ingurumenari egiten dion kalte neurrigabeak ikusita, gai hau herritaratzea erabaki dute lau eragileek. Gasteiztik hasitako bizikleta martxak Gipuzkoa zeharkatzen jarraituko du egun hauetan, eta asteazkenean Azkoitian geldialdia egin ondoren Azpeitirako bidea hartuko du arratsaldeko 19:00tan gaztetxean hitzaldia emateko. 'Fracking'-aren aurka sinatzeko aukera izango da eta Gipuzkoan mailan sortu berri diren taldeen berri izateko aukera ere egongo da, hala nola 'Fracking Ez Urola' plataforma.\ \ Uztailaren 4an itzuliko dira ibiltariak eskualdera, Donostiatik itzulia egin ostean, Zarautzen eta Zumaian izango baitira egun horretan. Honen helburua 'Fracking'-aren inguruko informazioa zabaldu eta teknika hori debekatu nahi duen herri ekimen legegilearen aldeko sinadurak biltzea izango da.