Hil ala biziko partida

Erabiltzailearen aurpegia da hau Eneko Etxeberria | Iritzia
2020ko api. 30a, 10:10

Eneko Etxeberria abokatu eta EHUko irakasleak Urola Kostako Hitza egunkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau, Langileen Nazioarteko Egunaren harira.

Maiatzaren Lehen asko izan ditugu 1886an hasita, desorekaren eta justizia sozialaren aldeko aldarrikapena ospakizun eta festa eguna bilakatu arte.

Data honek sinbolizatzen duen jokoa betikoa da, historiaren sustrai zaharrenetan aurki dezakegun partida da, eta sinplifikatuz, honako modu honetan kontatu genezake. Bi talde daude.

Batetik, dena dutenen taldea: jokalari onenak dituzte, ezagunenak, eredugarriak, mundu osoko aberastasunaren %80 dutenak, oso talde bateratua da, kide gutxikoa, hizkuntza bakarra hitz egiten dute, eta aspaldi utzi zioten lurralde bati lotzeari, internazionalistak dira. Taldearen izena Millonarios da, eta oso gutxitan galtzen dute partidaren bat. Taldeko kapitainak, Warren Buffettek, dioenez, dudarik gabe ari dira txapelketa guztiak irabazten.

Beste taldea, Beti Galdu izenekoa, ezer ez dutenen taldea da, milioika ezezagunek osatzen dutena; horiek gosea, gerra, mugak eta peste guztiak sufritzen dituzte, pandemia berriak ere bai. Hala ere, obedientzian eta isiltasunean jarraitzen dute, beldurra eta kezka da beren patua, etorkizuna segurua ez denean egunerokoan dagoenari eutsi behar zaion lezioa odolean daramate. Oso partida gutxi irabazitako taldea da; horien artean, Europako gerra osteko Ongizate Estatua izeneko paktu bat, gerra txiki dezente… Baina, normalean, beti galtzaile.

Askok inoiz baino indartsuagoa ikusiko dute Beti Galdu taldea, baina Jean Paul Sartrek zioen bezala, sortzen zaion ezinegonak askori egia ikustea galarazten digulako da. Gauzak ez dira hain sinpleak eta errazak. Ez da existitzen onen eta txarren arteko lubakien mundua; grisa da nagusi. Agian, gauzak azaltzeko beste modurik ez dagoelako ematen dira azalpenak marrazki bizidunak bailiran. Beste modurik ez da egongo hiritarrak ume txikiak bezala tratatzen gaituztenak baitira nagusi denean, ditxosozko pandemia honekin egunero nabari daitekeen bezala.

Baina, nire ustez, ikuspegi hori ematen duenak gure inguruko errealitatea osotasunean ez duela behar bezala ezagutzen esango nuke, asmorik onenarekin egiten badu ere. Lasaitasunez diot, beti egongo da troll koherenteren bat aurkako iritzia emateko edo esandakoa aurpegiratzeko.  

Baina bi taldeen artean kokatzen diren hiritar asko ere badira, gure ingurura begiratu besterik ez dago. Norbaitek esan dezake kontzientzia falta zaielako dela; agian, hori da arazoa, kontzientzia. Kuriosoa da, baina, besteen kontzientziaz jardute hori. Horiek eskuliburua errepasatuko balute, galtzaileen taldeko kide askok aberatsek dutena denon artean banatzeko helbururik ez dutela konturatuko lirateke; horiek beren lekuan egotea dute xede. Gizarte hau aspalditik ez da ari gauza materialez, nahiez ari da. Aspaldi igarri zuen Edward Bernaysek, Freud izeneko baten ilobak.

Egoera horretatik abiatuta, uste dut inoiz baino garrantzitsuagoa dela aurtengo Maiatzaren Lehena. Aspalditik dator indarrak batzeko beharra: lan istripuen eskandaluak, prekarietatea, murrizketak, eta burokrazia ulertezinari pandemia eta horren ondorio latzak gehitu behar.

Gutxitan gertatzen den bezala, guztioi eragiten digu une honek, eta horregatik, galtzaileen taldean gutxieneko batasuna lortzeko ordua da orain. Ariketa erraldoi bat egin beharra dugu, politikoki, sindikalki eta sozialki indarrak batzeko. Bakoitzak berea bilatzen badu, ez dira gauza errazak izango. Agertoki iraultzaile-apokaliptikoak, gizarte distopikoak, nekazaritza auto-kontsumistan oinarrituko multzoak… irudikatzen dituztenek gogora dezatela, Fukuyamak idatzi zuen bezala, aurrean historiaren amaiera ekarri duen sistema dagoela eta zaila dela alternatiba gauzagarri bat eraikitzea giza eskubideak eta interes komunalean oinarritutako gutxieneko adostasunik ez badago. Gauzek ez dute pandemiaren ostean aldatzeko itxura handirik. Eta indarrak batu gabe, gehienez ere, desoreka handituko delakoan nago.

Asko dago jokoan pandemiaren bueltan; izan ere, bi taldeen arteko desoreka inoiz baino indartsuagoa izateko aukera dago. Galtzaileen taldeak 2008. urteko partida goleadaz galdu zuen, eta orain, partida erabakiorra indar gutxirekin jokatzea tokatzen zaio: pandemia osteko bizikidetza sozialaren oreka erabakiko duen partida. Horregatik, aurtengo Maiatzaren 1a inoiz bizi izan dugun garrantzitsuena dela esango nuke, jende apalak aldaketa ekarri behar duelako hobeto bizi daitekeen konfiantzan oinarrituta. Eta gizarte osoa batu behar da ideia bakarraren bueltan: oraingoan, oreka behar dugu zerbitzu publikoak indartuz, herritarrak eta etorkizuna erreskatatuz eta alor guztietara duintasuna ekarriz.

Ez da opari bat. Harrotuko gaituen gizarte bat eraiki dezakegu, krisi honetatik desoreka gutxiagorekin ateratzen bagara. Krisia beti da aukera. Horregatik, gutxieneko duintasuna lortu arte aberastasuna banatzean datza politikarik onenak; horrek izan behar du iparrorratza. Bestela, haustura betirako geratuko da. Eta ez dago jokoan soilik pobreen eta prekarioen etorkizuna. Zutabe seguruekin bizi proiektua eraiki ezin dutenen arazoa sakonagoa da, demokrazia bera ere jokoan dago: orekarik ez badago, datorrena polizia erregimena da.

Gizartea akordio berri batekin josteko eguna da aurtengo Maiatzaren Lehena, 2020ko partida hil edo bizi horietakoa delako. Ezin dugu desorekaren normaltasunera itzultzen utzi. Gehiengo erraldoi bat prestatu behar da lerro horretan. Agian, emaitzak ez du inor gutiz gustura utziko, baina askatasunaren eta eskubideen aldeko pauso bat egin beharra dago, zeruaren zain egotea aspaldi utzi genuelako.

Txaloak jotzea baino zerbait gehiago egin beharko da, eta Gramscik zioen bezala, ezkorrak izan behar dugu gizartearen azterketan, baina baikorrak mundu hobe baten eraikuntzan.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu