Polybius eta Haxotz taldeekin hasiko da ostiralean Arkupehotsak egitasmoaren edizio berria

Erabiltzailearen aurpegia Kulturaz kooperatiba 2019ko ira. 10a, 13:01

Polybius eta Haxotz taldeek irekiko dute ostiralean, 22:00etan hasita, Arkupehotsak egitasmoaren hirugarren edizioa. Sanagustin kulturguneko arkupea musikari berrien plaza bihurtuko da hilabetero, Kulturaz kooperatibak sustatzen duen egitasmo honen bidez. Urriaren 4an Txost! eta Maddi oholtzaratuko dira arkupean, eta azaroaren 29an Habi eta Agian taldeak. Abenduan geldiunea egin ondoren, urtarrilean ekingo zaio berriro egitasmoari: datorren urte hasieran beste hiru kontzertu izango dira. Horrez gain, Arkupehotsak egitasmoan izena eman zuen Saia Goait taldeak Soziedad Alkoholika taldearekin jotzeko aukera izango du, azaroaren 9an. Sanagustingon agrtoki nagusian.

Aurreko edizioetatik ikasitakotik abiatu eta soinu berrien plaza eraginkortzeko, zenbait egokitzapen egin dira hirugarren edizio honetan. Besteak beste, izen-emate epea irekia da –data kontuan hartuko bada ere–, kontzertuen promozio bideoak grabatuko dira, eta, lehengo hedapen bideez gain, kontzertuetako bideoak Hamaika Telebistan ere eskainiko dira.

Arkupehotsak ontzerakoan, Kulturaz kooperatibak azken urteotan jorratzen zituen bi osagai garrantzitsu uztartu ziren. Batetik, eduki gisa, kultur jarduna modu integralean jorratzeko nahia, eta kasu honetan, musikaren alorra bere zentzu eta adierazpenik zabalenetan lantzeko ahalegina. Horregatik, programazioaz gain, sentsibilizazioa, sormen prozesua, publiko berrien sustapena eta formazioa ere xede ditu Azpeitiko Kultur Mahaiaren kooperatibak. Bestetik, baliabide edo egitura-osagai gisa, Arkupea oholtza. 2015ean hasi ziren Sanagustin kulturguneko aldameneko arkuan eszenatoki formatu berri bat atontzen eta sortzaile berriei plaza eskaintzen. Formatu horrek gertutasun gehiagorekin eta modu dinamikoagoan musika, antzerki edo bestelako kultur adierazpenak plazaratzea ahalbideratzen du. Orain, gainera, oholtza finkoa jarri da arkupean.

Polybiusen entsegu lokalean

Ostiraleko kontzertuaren aurretik, Polybiuseko kideen entsegu lokalean egon da Kulturaz. Taldearen nondik norakoez, Polybius izenaz edota ostiralean ematekoak diren kontzertuaz hitz egin dute elkarrizketa eta musika uztartzen dituen bideo honetan.