Guk ere badugu bizipoza

Erabiltzailearen aurpegia
Raimundoren kontzertuan Sanagustin kulturguneak zuen itxura. (Alberto Beloki)

Xabier Gantzarainek Raimundo Amador-ek igandean eman zuen kontzertuaren gainean egindako kronika.

Une batean, une bakar batean biltzen dira etorkizun eta iragan posible guztiak, gune bakar batean mundua bere osoan; mundua eta segundua gurutzatzen diren lekuan, Azpeitia. Eta hor gara gu, izan ginen iragan posible guztien destilazioa, eta hor gaude, izango garen etorkizun posible guztien hazia. 2013ko azaroak 17 ditu dagoeneko, joana izango dugu urtea konturatzerako. Une bakoitza da bete-betean bizi beharrekoa. Igande iluntzea da, Aleman gaztainak erretzen ari da aterpean, jendea ari da hurbiltzen atera, Keu ari da kantuan eta ez dago gaizki. Eman dugu epaia, eskatu ditugu zerbezak eta aurrera begira jarri gara denok. Gaizki ez dagoen zenbat jende dago?

Posibleak kontuan izan gabe ere, badira nahikoa dentso hemen bildutakoon iragan guztiak, iragan gurutzatu guztiak. Ezagun asko, lagun bat edo beste ere bai, ideia ona ematen du iruditu zaiola jendeari igande iluntzean Raimundo Amador ikusi eta entzutera etortzea. Eta une hau da, orain, etorkizun posible guztien hazia.

Hizkuntza bitxia da gurea: hazia hazi egiten da, eta ondo hazitakoa hazitarako uzten da. Alemangaztainak erretzen ariko da kanpoan. Barruan epel dago, aretoa bete samartuta, jendea berriketan ari da Raimundo Amador azaldu bitartean. Soziologia pixka bat eginez entretenitu gara. Publikoaren adina izan dugu aztergai, haziak, ondo haziak eta hazitarakoak ere badira tartean, bataz bestekoa kalkulatzen saiatu gara, berrogeita hamarretik ez da urruti ibiliko; zenbat urte izango ditu gazteenak? Hizkerei jarri diegu belarria gero, kanpoko jendea etorri dela ematen du, aurpegi ezezagunak ikusten ditugu, eta bailarakoak ez diren aurpegi ezagunak ere bai. Xabier Agirre ikusi dut, irakasle izan nuen fakultatean, oso ona zen, margolari fina da, oso jende gutxik daki BVEk hiru tiro bota zizkiola dutxan, Parisen bizi zela. Fakultateko jende gehiago ere ikusi dut, Ismael Manterola, esate baterako, eta bere izenik oroitzen ez dudan ikaskide bat: gaztea eta dena sentitzen nauk holakoetan. Soziologia merkea da gurea, baina gehiagorako ere emango luke jarri ezkero: zenbat urte izango ditu gazteenak?

Bestela ere badago galdetzea: zein mundu konpartitzen dugu?

Hala nabil galdezka neure artean. Aspaldi da, joan zen mendea amaitzeko falta zuen oraindik, zortzi urte, Olinpiadak ziren Bartzelonan, hotel batera sartzen ikusi nuen B.B. King Londresen. Ordurako albo batera utzia nuen gitarra jolea izateko ametsa, baina maite nuen gitarra jotzea, eta maite nituen gitarra joleak. Banekien B.B. Kingek izena jarri ziola bere gitarra kuttunari: Lucille. Raimundo Amadorrek ere jarri zion bereari: Gerundina. Jada ez du kontzertuetara ekartzen, estudioan grabatzeko baizik ez omen du erabiltzen.

Une batean, une bakar batean biltzen dira etorkizun eta iragan posible guztiak, eta une hori orain da, Raimundo Amador oholtzara agertu denean, txalo artean, bere seme Raimundo duela perkusio jole eskuinetara, eta Lin Cortes gitarra jolea ezkerretara, iruntzietara ikuslearentzat. Leun hasi dira, belar usaina daraman kea bezala, leun eta goraka. Formatu txikiko kontzertu handi bat izateko traza hartu du segituan. Gozo ari dira, hazi egin dira, izugarria da nola darabilen gitarra Raimundo Amadorrek. Jendea ere ari da berotzen. Txalo egiten dugu, kantu egiten dugu kanturako aukera ematen duenean, eta txundituta aditu.

Greziarrek matematikaren barruan sartzen omen zuten musika, oso matematiko onak dira ijitoak. Topikoa da, eta hala ere egia, zail egiten da beste hitz batzuekin esplikatzen, beste era batera bizi dute musika, eman behar zainetan daramatela. Dantza flamenkoen pausoekin jantzi zituen bere gitarra soloak. “Ustedes también tienen arte”, esan zuen Raimundo Amadorrek kantu baten bukaeran. Ba ote da ezer gehitu beharrik? Bere artea eta gurea bat eta bera direla azken batean, akaso.

Eta batek bere baitan beste asko daramatzala ere bai, beharbada. Zenbat jende, zenbat musika darama bere baitan Raimundo Amadorrek? Keinuz betea izan zen kontzertua. Jimmy Hendrixen argazkia erakusten zuen kamiseta batekin atera zen Raimundo Amador, eta detaile polita izan zen halako batean Keu eta taldekideak Jimmy Hendrixen bertsio bat jotzera gonbidatzea. Ez dakit musika hizkuntza unibertsala ote den, baina laguntzen du konpartitzen dugun mundua erakusten, eta gozarazten. Beste hainbat erreferentzia ere izan zen, Camarón eta Pata Negra, besteak beste. Ez du alferrik hain ibilbide luzea. Eta ez da adinaren eufemismo bat. Zaharrak ote ginen ba igande iluntzean Sanagustinen bildutakoak?

Atzo izan da aita lehen aldiz hau, esan zuen semeagatik, eta aitona egin nau. Pozik zegoen Raimundo Amador, eta ez batere aitonduta. Ez dakit zenbat denbora iraun zuen kontzertuak, baina bere ibilbidearen errepaso ederra egin zuen, eta bere kanturik ezagunenak ere jo zituen, han bildutakoon pozerako. Jendea elkarri belarrira kantatzen ikusten zen, Ay que gustito pa mis orejasjotzen aritu zen bitartean. Keinuak, hitzak, begiradak, une bakoitza da bete-betean bizitzeko modukoa. Deskantsu hartzera sartuko ziren, protokoloa da, barrura sartu orduko hasi zen jendea beste bat, beste bat eginez, ez genuen nahi kontzertua eta igandea hain azkar bukatzea.

Kontzertuko une bakoitza izan zen gozagarria eta gozatzekoa, gustura zegoen jendea, harik eta Bollere kantuarekin kontzertuari amaiera eman zion arte. Jendea txaloka hasi zen orduan esker onez, eta txaloen erritmoan hasi zen flamenkoa dantzatzen Raimundo Amador.

Argiak piztu zituzten gero, eta derrepente hustu zen aretoa. Igande iluntzea zela ahaztarazi zigun kontzertua bukatuta, nor bere zereginetara itzuli zen antza. Eta galdera geratu zitzaidan airean, belar usaina zeraman kearekin batera, non gordetzen ote ditugun benetan gozatu ditugun momentuak, zeini eman behar zaizkion eskerrak azaroko igande iluntze bat mundua eta segundua gurutzatzen diren lekua bihurtzeagatik.

Guk ere badugu bizipoza.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide