Sanagustin kulturguneak 10 urte bete dituela eta, Herri Batzordea sortu da

Erabiltzailearen aurpegia Sanagustin kulturguneak 10 urte 2021ko urt. 22a, 11:26
Herri Batzordeko kideak, urtarrilaren 7an, Dinamoa sormen gunean.

Azpeitiko kultur ekosisteman fruitu-emaile aberats batek hamar urte bete ditu: Sanagustin kulturguneak. Gune horren sorrera kultur komunitatearen beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan zen. Urtemuga dela eta, Herri Batzordea osatu dute Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek. 10. urteurreneko egitaraua helburu hezitzaile eta integratzaile batekin ondu nahiko luke batzordeak.

Honako hau da Herri Batzordearen sorrerako idatzia:

"Sustrai sendoek elikatzen dute landare bizi bat. Azpeitiko kultur ekosisteman fruitu-emaile aberats batek hamar urte bete ditu: Sanagustin kulturguneak. Herritarren gogoak eta goseak ereindako haziak zientoka ekitaldiz beteriko hamarkada oparoa ekarri digu. 2010eko abenduaren 11n ireki zituen ateak Sanagustin kultur plazak; 2011ko uztailaren 22an osatu zen, ostalaritza zerbitzuarekin, eta, halaber, haren kudeaketa Sanagustin Kulturgunea Kooperatiba Elkartearen –gaurko Kulturaz-en– esku geratu zen. Urteetako lan kulturalari jarraiki, Azpeitiko kultur komunitatearen beste aurrerapauso garrantzitsu bat izan zen.

Efemeridea baliatuz, Herri Batzordea osatzeko erabakia hartu da, berriz ere herritarren nahia izan dadin iparrorratz 10. urteurren hau ospatzean. Hain zuzen, Kultur Mahaiak, Kulturaz kooperatibak, bi udal taldeek eta norbanako batzuek sortu dugu batzordea, eta bertara batu nahiko luketen herritarrei dei egiten diegu parte hartzera. Joango gara 10. urteurreneko ardatzen eta ekinbideen berri ematen.

Memorian bilduta ditugun hainbat unetan lekuko isil bezain fidela izan da Sanagustin kulturgunea, eta, haren ibilbidea hausnartzeaz gain, etorkizunerako begirada batez ohoratu nahiko genuke 10. urteurrena.

Ur azpian, ezkutuan, agerian baino atal handiagoa duen izotz puskaren antzera, Sanagustin kulturgunea irekitzeko egin zen lana ekarri nahi dugu gogora. Azpeitiko Kultur Mahaiaren hastapenak eta lehen pausoak izan ziren geroxeago etorriko zenaren sostengu. Artikulatu gabe zegoen kultur mugimendua ehuntzeko, eta trukaketa zein elkarlanean oinarritutako lan molde bat martxan jartzeko jaio zen, 2006an, kultur talde guztien, norbanakoen, zein udal taldeen eta kultur teknikariaren artean. Sanagustin ireki ostean etorri zen Kulturaz kooperatiba, eta fokua jarri izan du sormenean, transmisioan eta sustapenean, gestioan ez ezik. Soreasu antzoki berrituaren kudeaketa eta Dinamoa sormen gune berriarena ere bere gain hartu zituen Kulturazek. Kultur proiektu global bat da hau.

Garai berriak ate joka ditugu, eta, kultur bizimodu dinamiko batez gozatzeko aukera dugun arren, 10. urteurreneko egitaraua helburu hezitzaile eta integratzaile batekin ere ondu nahiko genuke. Kultur komunitatearen ardura baita orain arte hosto ederrez atondurik izan den enborraren esentziari eustea, herritik herria kulturan heztea, haztea. 10. urtemuga honetako leloak dioen bezala, beste hamaika bizitzeko_ baikaude".