Loretan

Erabiltzailearen aurpegia da hau Olatx Aranguren | Iritzia
2020ko mar. 22a, 09:00

Olatx Arangurenek 2020ko martxoko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Joan dira inauteriak. Bijiliari, neurritasunari utzi diote gehiegikeriek lekua; bukatu da zalaparta, kaosa. Neguaren arrastorik ez aurtengoan. Loretan daude zuhaitzak. Hilabete morea edo kolore anitzekoa mar-
txoa, ikuspegiaren, janzten diren betaurrekoen araberakoa.

Portrait de la jeune fille en feu (Garretan dagoen emakume baten erretratua) filma ikusi berri, Matadeixe Zinetogramen eskutik. Frantzia, XVIII. mendea; emakumezko margolari bat ezkontzera behartutako emazte bati erretratua margotzeko kontratatzen dute; emazteak ezkontzerik nahi ez duenez,  ez du bere senargaiarentzat izango den erretratua bukatzen uzten, uko egiten dio posatzeari. Margolariak bera jabetu gabe margotu beharko du erretratua.

Celine Sciamma da zuzendaria, frantziarra, garai berriei artea egiteko modu berri batekin erantzun nahi diena. Iraganeko irudiak falta direnean, memoria pixka bat lantzeko, irudiak, erreferentziak sortu egin behar direla dio. Sortu. Sortzearen ideiak ez du orain arte ikasitakoarekin bat egiten, baina ezin uka interesgarria badenik.

Bidean ahaztu dira

Nahiz eta iraganean ekarpen interesgarriak egin dituzten hainbat emakume egon, bidean ahaztu dira, ez zaizkigu gure iruditegira iritsi, eta horrek guztiak eragina dauka egun nagusi den gizarte ereduan. Ama zintzoak eta emazte pasiboak izan gaitezen hezi, bezatu gaituzte. Gogorra egiten da oraindik ere horri guztiari aurre egin beharra. Zenbaiten begietan halakoak esaten arituko naiz ez naizelako ez ama eta ez inoren emazte. Eta munduak biraka darrai.

Gauzak aldatzen ari dira, baina oraindik pertsonen arteko harreman parekideak sortzea kostatu egiten zaigu. Inork ez dugu bestearen gainetik egon nahi, baina ez da hain erraza, erreferenteak falta zaizkigu. Sortu egin beharko ditugu. Iruditzen zaigu giza eboluzioaren garairik gorena bizi dugula egun, urteak aurrera joan ahala guztian hobetzen joan garela, baina ez da horrela. Internetarekin, sare sozialekin, telefonoarekin... gure aurrekoek sekula pentsatu gabeko zereginak egitera iritsi gara.

Aurrerapen teknologiko ikaragarria bizi dugu eta biziko dugu. Baina zer gertatzen da eraikitzen ditugun harremanekin? Sortzen, gorpuzten ari garen jendartearekin? Hain aurreratua ote? Gai al gara esateko duenari entzuteko, azpian dagoenari eskua luzatzeko, behar duenaren ondoan egoteko? Gai elkarri goxotasuna, patxada, maitetasuna aurrez aurre eskaintzeko? Iragana ere ez zen perfektua izango. Aldi bakoitzak izaten ditu bere ifrentzua eta aurkia. Baina ez dezagun pentsa mundua zapaldu dutenen artean onenak garenik. Badugu zer ikasia guk ere.

Martxoak kolore morea edo anitza izan dezake, janzten ditugun betaurrekoen araberakoa. Newroz, eguzki berria sortzear da ekialdetik, gure udaberriarekin batera. Emankortasunari gorazarre, zapaldutako beste jendarte bat. Argiak iluntasunari nola irabazten dion irudikatzen du, neguari udaberriak tokia hartzen dionekoa. Bizi-eremuak garbitu eta eskaintzak egiten dira argi berriaren zipriztinak birsortzen, aukera berri bat izaten lagunduko duelakoan. Urteak daramatzate gerran, oinazean, ezinean. Baina, hala ere, emakumez nahiz gizonez, aniztasunez osatutako sistema parekide bat irudikatu dute, gauzatu dute. Iraultza abian jartzeko adorea izan dute, auzoan kontuz ibili beharreko zakur amorratuak izanda ere. Bidea ez da erraza izan haientzat ere.

Newroz, eguzki berria, iluntasunetik sortutako argia. Badugu guk ere urte luzeetako iluntasuna alde batera utzi eta parekidetasunez biziko garen jendartearen beharra. Zipriztindu gaitzala gu ere eguzki berriak. Loratu gaitezen.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu