Plazerra Azpeitian

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miren Alcedo | Iritzia
2014ko ots. 27a, 11:58

Txikitan ez nuen amarekin intimitateaz hitz egiten, askoz gutxiago sexualitateaz, lotsagarria zen eta. Lagunek ere, ez zekiten. Lau neba-ahizpa izanda, jakitun omen zen Inesek esan zigun umeak zilborretik jaiotzen zirela. Garai ilun hartan sexua, matrimonioa, amatasuna... Nahastuta zeuden eta plazerrak ez zuen lekurik. Lehen informazioa apaiz hippy batek eman zigun, baina horretarako lehenago El arte de amar irakurri behar izan genuen. Apaizak zioen amodiorik gabeko sexua kaltegarria zela. 

Handitu ginen, sexualitate mota bakarra ez zegoela ikusi genuen eta gizarteak bultzatutako aldaketa soziala islatzen zen osasun sisteman. Borroka ondoren lortu zen amatasuna eta sexualitatea ezberdintzea.
 
Orain berriro, askatasunari beldurra erakutsiz, Estatu espainolaren legeriak gure intimitatea arautu nahi du. Ahalegin horretan emakumeon gorputza kontrolatzeko lehen urratsa izan da. Gainera, eta hau kontu zaharra da, gure onurarako egiten dutela esaten dute; zer komeni zaigun ez dakigulako, ume bihurtu nahi gaituzte.
 
Administrazio batek hori proposatzen duen bitartean, beste batek hezkuntza libreagoa, askatasunean, zabaldu nahi du. Azpeitiko Udaleko Parekidetasun saila bultzatzen ari da sexuali- tatearen inguruko Plax! programa. Ikastetxeetan hasita, geroago gazte txokoan eta orain hilabeteroko azken larunbatetan Sindikatu Zaharrean sexualitateaz hitz egiteko edo aholkuak jasotzeko parada daukagu heldu guztiok, bai emakumezkoek, bai gizonezkoek, banaka, binaka edo taldeka. Gainera, emakumeen txokoan ikastaroak eta hitzaldiak badaude.
 
Beste leku batzuetan agian ez, baina Azpeitira plazerrari buruz hitz egiteko aukera iritsi da. Bazen garaia!
 
Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua.
Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu