Inutilak

Erabiltzailearen aurpegia da hau Miel A.Elustondo | Iritzia
2020ko ots. 11a, 08:02

Miel Anjel Elustondok 2020ko urtarrileko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Inutilak. Ez zait besterik burura etortzen. Espainiako bi polizia, Espainiako poliziaren komisarian Euskal Herriko Gasteizen, Espainiako pasaportea eta Espainiako nortasun agiri nazional espainola egiteko bulegoan.

16:30ean dugu hitzordua, izerdia franko botata, kostata, etxetik kudeatu duguna, telefonotik. Hitzordua citaprevia izena duen webean ere lortu litekeela esaten dute polizia espainol horiek, baina gezurra da, zigorra merezi dute jendeari gezurra esateagatik, denbora alferrik galarazteagatik, ernegatzeraino amorra-amorra eginarazteagatik. Telefonoz saiatu behar, hariaren bestaldeko errobotarekin behin eta berriz eta askotan saiatu behar, pasaportea eta nortasun agiri zikin hori berritze aldera.

Eta franko kostatuta lortutako hitzordua dugula inutil horietara joan, Espainiako poliziaren komisaria Euskal Herriko Gasteizen, eta ea nire ondoan datorren neskak, gure Mariak, zenbat urte dituen. Hamasei. Orduan, amak ere etorri beharra daukala, adin txikikoa dela Maria. Ez zuek bezain adin txikikoa, horratik, inutilak halakoak. Zorriak baino alferragoak. Espainiako polizia horiek Euskal Herrian. Eta ezin esan hemen gorrotagarriak direla, hortxe asmatu dute-eta gorrotozko delitua. Zernahi egingo luketela, alegia, lana ez beste, guri lagundu ez beste. Lanetik etxera etorri berria dela ama, Mariarena, ez duela etortzerik. Honezkero, bazkaldu eta lokuluxkan dagoela. Hots egin eta esnatu egin beharko dudala. Hobe huke heu esnatuko bahintz, alfer-harria baino alferrago haizen hori. Hitzordu petrala hartu zain eduki gaituk horixe esateko, hona etorri eta guraso biok etorri behar dugula? Aldegik hortik, inutil horrek.

Eta nola andrea ez den etorri, ez duen etotzeko asmorik, suminduta hura ere, pikutara Espainiako poliziaren komisariako bi polizia espainol horiek. Bizikletak hartu eta euskarazko publizitate handia egiten duen okindegira joan, pasta goxo batzuk erosi eta azkoitiarraren tabernara joan gaituzu, kafesne deskafeinatu bero bana hartzera, pastak lagunduta. Espainiako poliziaren komisariako poliziaren gorazarre.

Doazela pikutara

Aspaldi esaten genuen, doazela, doazela pikutara, doazela hemendik, doazela Espainiara. Independentzia. Behar-beharrezkoa dugu horietatik apartatzea, karga pisua besterik ez dira, trankil bizitzen ere ez digute uzten. Hain zaila ere ez da. Askoz ere hitzordu gehiago ematen ditu Osakidetzak aste batean Espainiako poliziak Gasteizko komisaria horretan urte osoan baino. Osakidetzaren hitzorduek behar bezala funtzionatzen dute, langileek lan egiten dute, Espainiako poliziak ez bezala. Ez dute ezer egiten, estorbuan egon besterik, gure dirua eraman besterik, osasuna galarazi besterik. Inutilak.

Ez zait besterik burura etortzen. Espainiako bi polizia, Espainiako poliziaren komisarian Euskal Herriko Gasteizen, Espainiako pasaportea eta Espainiako nortasun agiri nazional espainola egiteko bulegoan. Lepasamarretik gora Espainiatik. Hargatik hartu nuen nazionalitate Nevadakoa, Renoko Gerrik bezala. Adio Espainia, adio sekulako eta betiko. (Orain alaba zepo beretik ateratzen asmatu behar, ez Provincia Nacionalista Vascok eta ez Bilatuk ez dute-eta gogotik ahalegintzeko asmorik).

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu