Bizikleta

Erabiltzailearen aurpegia da hau Luis Gurrutxaga | Iritzia
2019ko abu. 8a, 09:32

Luis Gurrutxagak Uztarria aldizkariaren 2019ko uztaileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Eguna ilunabarra bihurtzean, lana aspergarria iruditzen zaigunean, itxaropena mantentzea zaila denean, soilik igo bizikletara eta paseotxoa eman, ezertan pentsatzeke” (Arthur Conan Doyle, sendagilea eta idazlea).

Lehen bizikletaren jabetza izan nuenean, nik 7-8 urte, munduan ba ote beste bat zoriontsuagoa? Etxeko "puxker umea" izaki, ordura arte ez nuen aukerarik izan bizikletaz ehuneko ehunean gozatzeko. Jakina, hierarkia errespetatu behar. Anaiak aspertu zirenean edo, 'nirea' zen jada tramankulua. Oso zaharkitua, kolorea identifikatzea zaila eta erroberetako gomak zartatuta. Berdin zen. Nahi nuenean goza nezakeen nire garraioaz. Zein luze eskolako orduak! "Recoged y salid. Hasta mañana...", noizko entzun!

Garai haietan, lanera joateko bitarteko arruntenak bi ziren: Beixema busa, Anixito txofer zela, eta bizikleta. Ohiko irudia zen bizikletero andanak ikustea goizetan, presaka lanera joaten. Ohikoa batailak jokatzea, zein baino zein iritsi lehena, aurrez itundutako helmugara. Baina Ibaieder bailara astindu zuen tragedia latz bat ere badakarkit memoriara: auzoko Roman gaztearen heriotza. Lanetik etxera bizikletan zetorrela, kamioi baten burni puskatzar batek bortizki kolpatu ondoren zendu zen mutila. Bizikleta erabiltzaileen artean kostatu zen ikara eta izua uxatzea.

Erronkak eta liskarrak

Txirrindua zenbat erronketarako gaia izan den... Aipatzear, bi ditut oroimenean. Bata, Dionisio Gurrutxagarena. XX. gizaldiarekin batera jaio zen gizona. Soldadu, Afrikako gerra ezagutu zuen, eta Uzkudunekin Parisen boxeoan ibilitakoa ere bazen. Bada, 80 urte egin zituen egunean, Mandubira igotzeko hordagoa ezarri zion bere buruari. Baita lortu ere, alajainetan. Bestea, Aratzerrekako Jeronimo eta Nuarbeko Joxe Ramon Luteren artekoa. Apustua? Landetatik Urrakira nor iritsi aurrena. Jeronimok 40 urte beteak zituen jada eta Lute sokatiran zebilen mutil argala zen, baina bai indartsua: pentsa, nuarbetarrak 50 kiloko burnia koadroan itsatsita eraman behar zuen. Norgehiagoka nagusienak irabazi zuen, minutu eta pikuko aldearekin, baina sinestezina izan zen Joxe Ramonen balentria.

Tabernetan batik bat, zenbat ardaila eta zenbat haserre. Coppi/Bartali, Bahamontes/Loroño, Anquetil/Poulidor, eta berrikiago, Marinoren eta Gorosperen aldekoen eta aurkakoen arteko xextrak. Hasieran otzan, baina barealdia laburra izan ohi zen. Ikaragarrizko pasioa sortu izan du bizikletako lehiak. Ez zen gutxiagokoa izan Urrestillaren eta Nuarberen artean sortu zen tirabira Inazito Errekalderekin. Jubenil garaian gaindiezina bihurtu zen hura, eta batzuek eta besteek euren auzotarra zela sutsuki defendatzen zuten, argudioak azalduz, baita egunkarietan ere. Berrogeita hamar urte jazo zela kontu hura, eta gaur egun ezpainetan irriñoa dugula gogoratzen ditugu sesioak, baina orduan...

Bukatzeko, Albert Einstein zientzilari eta pentsalari handiaren hitzak ekarriko ditut. Txirrinduaren funtzionamendu mekanikoan oinarritzen da, bizitzaren funtsa esplikatzeko: "Bizitza bizikleta gainean jartzea bezala da. Oreka mantentzeko pedalei eragiten jarraitu behar...".

Lagun: kaskoa buruan eta ibili munduan... bizikletan!

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu