Urtarrilaren 31n bukatuko da Segiko kideen aurkako epaiketa

Erabiltzailearen aurpegia Libre Azpeitia 2014ko urt. 16a, 10:14
Pasa den urriaren 14an hasi zen Segiren kontrako auzia Madrilgo Auzitegi Nazionalean eta azken txanpara iristen ari da. Segi gazte erakundean lan politikoa egite hutsagatik sei urteko espetxe zigorra eskatzen du fiskalak 40 auziperatuentzat; tartean, Olatz Izagirre izatez urnietarra den, baina azken urteetan Azpeitian bizi den gaztearentzat. Olatzek esan digunez \"gure jarduera politikoa epaitu nahi dute, ikusi besterik ez dago akusazioa oinarritzen diren frogak zein diren: prentsaurrekoak, bilerak, batzarrak...guztiak ekimen publikoak dira, inolaz ere ez delituak\".\ \ Epaiketak Olatz haurdunaldiaren erdian harrapatu du, gainera. \"Lehen egunetan Madrilen egon behar izan nuen, baina nire egoera dela eta ez dut epaiketa osoan madrilen egon beharrik izan. Beste auzipetu eta abokatuen bidez jarraitu dut epaiketa\". Jada haurtxoa jaio denez, Azpeitiko Libre lan-taldetik Olatz eta IƱaki zoriondu nahi ditugu eta zorterik onena opa diegu.\ \ Aipatu beharra dago auziperatutako lau gaztek epaiketari planto egin eta desobedientziaren bidea hartu zutela. Ezkutuan egon dira baina hainbat agerraldi publiko egin dituzte. Esaterako, Durangoko azokan, bakoitzaren herrietako jaietan eta abar.\ \ Epaiketan zehar, gazteen atxiloketan eta tortura saioetan parte zuten poliziek deklaratu dute. Polizia Nazionalak eta Guardia Zibilak atxilotutako guztiek tortura gogorrak jasan zituzten, baina zorionez Olatz ez zuten etxean aurkitu. \"Ni atxilotzea ez zuten lortu eta beraz, infernu hori bizitzetik libratu nintzen\". Olatz, hilabete batzuk beranduago Iparraldean atxilotu zuten, bizimodu erabat publikoa egiten ari zela. \"Poliziak deklaratzen ari ziren bitartean, auziperatuei epaiketa gelatik ateratzen utzi zien epaileak. Epaiketa batean inoiz ez da hau gertatu eta gure ustez, honek neurri batean erakusten du epaileak berak ere tortura salaketa gogorrei nolabaiteko sinesgarritasuna eman ziela\".\ \ Epaiketa urtarrilaren 31n bukatzea aurreikusten da, eta ondoren ez dago epe jakinik sententzia ateratzeko. \"Epaiketa honetara ez ginateke iritsi behar, ez dagoelako zer epaiturik, baina iritsi garenez, absoluzioa beste epairik ez luke atera behar. Baina Audientzia Nazionalaren ibilbidea ikusirik, ezin dugu asko espero. Aste hontan bertan zortzi lagun nola espetxeratu dituzten ikusi besterik ez dago\".\ \ Azpeitiko Libre lan-taldeak herritarrei dei egiten diegu epaiketa politiko hauek jasaten ari direnei eta bereziki Olatzi babesa adieraztera. Elkartasunetik pauso bat aurrera eman eta inor gehiago espetxeratua izan ez dadin konpromisoak hartzeko garaia da.\ \ Olatz eta Orkatz libre!