Aukerak aprobetxatzen jakin zuen Lagun Onakek

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2019ko urt. 28a, 22:28

Lehen zatiko oldarraldiari eta joko onari esker, Lagun Onakek hasiera samarretik utzi zuen erabakita Soduperen aurkako neurketa. Partidako lehen jokaldian Sodupek gola egiteko aukera izan zuen, baina Aitzolen geldiketak ezerezean utzi zuen ahalegina. Bizkaitarrek jarraian bizpahiru korner atera ostean hasi ziren etxekoak erasoan. Eskuin hegaletik, Etxabururen abiadurari esker iritsi zen Lagunen lehen aukera. Ondarroarraren jaurtiketa kanpora joan zen, ordea. Handik gutxira heldu zen estraineko gola falta jaurtiketa batean. Falta atera aurretik gertatzen den moduan, Sodupeko atezaina aginduak ematen ari zen bere taldekideei, eta ia denak  hesia kokatu zain ziren. Antza denez, baina, Laguneko jokalariek ez zioten epaileari hesia kokatzeko eskatu, eta Ximonek hori baliatu zuen denak ezustean harrapatu, eta gola sartzeko.

Gora etorri ziren etxeko mutilak eta erasoan jarraitu zuten. Jokaldietako batean Otamendiri penalti argia egin zion Sodupeko atzelariak, eta epaileak txartel gorriarekin zigortzea erabaki zuen. Otamendik berak hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura, eta ez zuen barkatu. Hamar minutu pasatuta zirela, 2 eta 0, eta Sodupe bat gutxiagorekin. 23. minutuan Orbegozok partida ia erabakita utzi zuen. Aurrelari azpeitiarrak atezainari izkin egin, eta etxekoen hirugarrena egin zuen. Markagailuan zulo ederra zabaltuta pauso bat atzera eman zuten Zubizarretaren mutilek. Atsedenaldira joan aurretik Sodupek gol aukera izan zuen, baina partida hasieran gertatu moduan, Aitzolekin egin zuten topo. 3 eta 0eko markagailuarekin, beraz, aldageletara.

Bigarren zatian arriskatzera irten zen Sodupe. Bizkaitarrek ezer gutxi zuten galtzeko, eta erasokor hasi ziren. Bigarren zatiko hamargarren minutuan egin zuten gola. Oraindik Lagun Onakek bi goleko aldea bazuen ere, bizkaitarrek beste aukeraren bat ere izan zuten, eta marmarra eta urduritasun apur bat nabaritu ziren zaleen artean. Hala ere, Azpeitiko taldea atzean sendo ibili zen. Pixkanaka bizkaitarrei erregaia agortu zitzaien, eta ezin izan zuten markagailua gehiago estutu. 3 eta 1 amaitu zen, beraz, neurketa.

Larunbatean lortutako hiru puntuei esker Lagun Onak bederatzigarren da orain. Datorren asteburuan, Zubizarretaren mutilek San Pedroren zelaia bisitatuko dute. Bizkaitarren zazpi partida daramatzate irabazi gabe, eta ez dira ezer barkatzeko egongo. Partida zaila izango da ziur.

Hona hemen, partidaren laburpena:

  • Lagun Onak: Aitzol, Igor, Tena, Barquero, Leunda, Aranburu, Ximon (Ugaitz, 60. minutua), Harri (Celihueta, 63. minutua), Orbegozo, Otamendi eta Etxaburu (Arufe, 77. minutua).
  • Sodupe: Xabi, Zuluaga, Ibai (Arrizen, 55. minutua), Ormazabal, Larrea, Urtzi, Ruben, Pison, Txapi (Alex, 72.min) Molledo (Alain, 63. minutua) eta Garrido.
  • Golak: 1-0, Ximon (4. minutua); 2-0, Otamendi (12. minutua); 3-0, Orbegozo (23. minutua); 3-1, Pison (57. minutua).
  • Epailea: Aitor Barrio. Txartel horia erakutsi zion Lagun Onakeko Ximoni, eta Sodupeko Pisoni, Molledori, Larreari eta Xabiri. Txartel gorria ikusi zuen Sodupeko Ormazabalek.