Zaleen aurrean, lehen garaipena: Lagun Onak 4-0 Bermeo

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2018ko ira. 3a, 14:36
Partidako irudi bat. (Otola)

Espainiako Hirugarren Mailako bigarren jardunaldia etxean jokatu zuen Lagun Onakek zapatuan. Lehen zatia hutsean bukatu zen, eta bigarrengoan eman zion etxeko taldeak partidari buelta. Orbegozok bi gol sartu zituen, eta Ugaitzek bestea. Eta hirugarrena bere atean sartu zuen Egileorrek.

Espainiako Hirugarren Mailako bigarren jardunaldian jokatu zuen Lagun Onakek etxeko aurreneko partida, Bermeoren kontra. Joan den astean Amurrioren aurka joko ona erakutsi zuen taldeak, baina norgehiagoka hura galdu ostean, itxaropentsu eta gogoz ziren jokalariak, baita zelai inguruak bete zituzten zaleak ere. Eguraldi ederrarekin, giro bikaina sortu zen Garmendipen. 

Lehen zatiak, ordea, ez zituen aurreikuspenak bete. Parekatuak izan ziren lehen minutuak, dominatzaile argirik gabeak. Aukerak ere ez ziren asko izan. Etxekoen partetik, Orbegozok izan zuen aukerarik garbiena 26. minutuan. Renovalesen erdiraketa buruz kanpora errematatu zuen aurrelari azpeitiarrak. Izan zuen beste aukera bat ere, baina marrazainak baliogabe utzi zuen jokaldia. Aldageletarako bidea hartu aurretik, Lagun Onakek kornerra izan zuen alde. Baloia arean zela, ustez Bermeoko atzelari batek baloia eskuarekin urrundu zuen, eta kexu agertu ziren jokalariak eta zaleak. Besterik gabe, atsedenaldira hutsean berdinduta iritsi zen partida.

Bigarren zatiak beste itxura bat hartu zuen hasi eta gutxira. 53. minutuan, Orbegozok eduki zuen ordura arteko aukerarik onena. Gorkak aukera-aukerako baloia utzi zion, baina haren errematea atepetik atera zuen Bermeoko atzelariak. Hala ere, damuak gutxi iraun zuen. Handik bi minutura Ugaitzek Otamendiren pasea aprobetxatu eta jaurtiketa zehatz batekin aurreneko gola egin zuen. Jarraian, Orbegozok ia egin zuen bigarrena, baina oraingoan atezaina izan zuen oztopo. Partida azken minutuetan sartzear zela, Bermeok pauso bat aurrera eman zuen berdinketaren bila joateko. Arriskua sortu ordez, baina, atzean zuloak zabaldu zituen. Bikain baliatu zuen hori Lagun Onakek. 83. minutuan Orbegozok egin zuen bigarren gola. Otamendik azken pasea eman, eta Orbegozok jaurtiketa sareetara. Etxeko taldeak erasoan jarraitu zuen, eta bost minutura iritsi zen hirugarrena. Otamendik ateratako kornerra Egileorrek bere atean sartu zuen. Jada partida erabakita zela, Orbegozok partidako laugarren gola, bere bigarrena, egin zuen. Orduan ere, asistentzia Otamendi azpeitiarrarena izan zen.

Aho zapore ona utzi zuen partidak, eta batez ere, bigarren zatiak. Joko puntu onari jarraiepena emateko aukera edukiko du taldeak datorren larunbatean Soduperen aurka. Bi astera itzuliko da taldea Garmendipera.

Eskerrik asko hurbildu zinetenoi, eta ea zelai bazterrak horrela betetzen jarraitzen dugun!