Kultur Mahaiko elkarteko bazkideen ezohiko batzarra larunbatean, birmoldaketa proposamenaz

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2021ko uzt. 21a, 12:45
Kultur Mahaiak sortutako Kulturzale elkarteak martxoaren 30ean egin zuen bazkideen urteko batzarra.

11:00etan hasiko da, Dinamoa sormen gunean. Martxoko ohiko bilkuran Azpeitiko kultur komunitatea eguneratzea erabaki zen.

Azpeitiko Kultur Mahaiak sortutako Kulturzale elkarteko bazkideen ezohiko batzarra izango da larunbat honetan (hilak 24), 11:00etan, Dinamoa sormen gunean, gai bakartzat herriko kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa proposamena hartuta.

Urteko ohiko batzarra joan den martxoaren 30ean izan zen, eta, elkarteko urteko kontuei buruz-eta aritzeaz gain, kultur komunitatearen azkeneko dozena bat urteko ibilbidea eta egungo diagnostikoa azaldu zituen mahaiko Talde Eragileak, eta planteatu zuen komeni zela birmoldaketa pentsatzen hastea, herri egiturak gaur egunera egokitzeko, duplizitateak saihesteko, kultur taldeekin harremana iraunkorragoa izateko, komunitatea gehiago biziberritzeko edota kultur taldeetan ez dauden norbanakoak proiektura biltzeko. 

Betiere, eragile bakoitzak duen dinamika errespetatuta, modu bateratuan jarraitzea planteatu zen, kultura politiko zabal batekin eta herri gisa. 

Bazkideen ohiko batzarrean ontzat jo zen Azpeitiko kultur komunitatea. Diagnostikoa eta birmoldaketaren aukera dokumentua, eta Talde Eragileak proposamena landu zuen ondoren. Kultur taldeekin egon da, baita udal taldeekin ere, eta bazkideei larunbat honetako ezohiko batzarrerako deialdia bidali zien elkarteko lehendakariak, dokumentua barne. Proposamenaren bozketa egingo da.

2006tik modu bateratuan kulturan

Kultur taldeek, udal taldeek, kultur teknikariek, norbanako sortzaileek eta bestelako norbanakoek osatzen dute Azpeitiko Kultur Mahaia. 2006an sortu zuten –Uztarriak ondoren utzi egin zion koordinakunde izateari, kultur eremuan espazio zabalagoa eratu zela jota–, eta, geroztik, kultur talde bakoitzaren eta udalaren dinamika garrantzitsuaz eta mahaiak tresna gisa Kulturzale elkarte juridikoa sortzeaz gain, modu bateratuan pauso handiak eman dira Azpeitian: egitarau orekatuaren irizpideak, Azpeitiko kulturaren argazkia azterketa, Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzoki berria, Dinamoa sormen gunea, haiek kudeatzeko Kulturaz kooperatiba, udalaren eta Kulturazen lankidetza hitzarmena...

Jakingarriak

  • Zer. Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kulturzale elkarteko bazkideen ezohiko batzarra.
  • Gaia. Kultur komunitate artikulatuaren birmoldaketa proposamena.
  • Eguna. Uztailak 24 (larunbata).
  • Ordua. 11:00.
  • Tokia. Dinamoa sormen gunea (Soreasu auzoa).