Angel Rekalde: "Ondarea gizarte baten ondasun guztia da, bere izaera transmititzen duena"

Erabiltzailearen aurpegia da hau Azpeitiko Kultur Mahaia | Kultura
2015ko urr. 15a, 09:00

Hiru hitzaldi antolatu ditu Nabarralde fundazioko Azpeitiarron Napar Zuzterrak taldeak datozen hiru ostegunetarako. Lehenengoa, gaur, urriak 15, Angel Rekaldek eskainiko du, 19:30ean hasita, Baigeran. Iaz aurkeztu zen Iruñea, izanaren hondamendia dokumentalaren aurkeztuko du. Rekalde bera da Ruben Marcillak zuzendutako dokumentalaren gidoigilea, eta berarekin hitz egin dugu.

Nondik sortu zen Iruñea, izanaren hondamendia dokumentala egiteko ideia?

Iruñean gatazka asko biltzen dira: Gaztelu Plazako hondeaketak eta parking baten eraikuntza aztarnategi arkeologiko garrantzitsu horretan; arkitektura balio handiko eta gaztetxeak okupatutako Euskal Jai frontoiaren suntsiketa; 36ko gerraren, eta hainbat preso errepublikarrek ihes egindako kartzelaren lekuko zen San Kristobal gotorlekuaren manipulazioa; Iruñeako Erregeen Jauregiaren erreforma; Cuencako toponimia euskaldunaren desagerpena... Horiez jakitun, Iruñea-Capital plataforma sortu zen, hiriaren ondarea babesteko. Plataforma honetan hiriaren kontzientzia lantzeko beharra zegoela ikusi zen, eta horretarako beharrezkoa zen aipaturiko bidegabekeria horiei buruz informatzea. Hau izan zen dokumentalaren pizgarria.

Nolakoa izan zen sormen prozesua?

Hasieran informazioa bildu genuen. Batetik, Haria, Nabarraldeko aldizkaria, argitaratu genuen, hainbat artikulu eta materialekin. Behin hori publikatuta, gai bakoitzeko aditu bat edo gehiagorekin elkartu ginen, eta elkarrizketetan bildutako material horrekin kasuak alderatzen hasi ginen. Gehienetan oinarri berbera errepikatzen zela konturatu ginen, alegia, material esanguratsua zegoenean, autoritateen estrategia berbera zela: beraientzat deserosoa zen edozein gairen memoria zeukan ondareak, txikituta, ezabatuta edo manipulatuta amaitzen zuen, hiri baten memoria guztia ezabatuta geldituz. Eta horrekin ekin genion dokumentalari. Esaterako, toponimiak esaten bazuen bertako populazioa euskalduna zela, toponimia desagertarazi egiten zen, eta izenak aldatu egiten ziren. "Erregeen jauregia" deitzen bazen, herri honek erregeak izan dituela, hots, erresuma izan dela, independentea izan zela, burujabea... eraikin horrek desitxuratuta amaitzen zuen. Gaztelu Plazan indusketek herri honek historia luze bat izan duela esaten zuten, eta horregatik, hor agertutakoa zabortegi batera bota zuten. Eta abar.

Zein publikori zuzenduta dago dokumentala?

Hiritar guztiei, azken finean hor islatzen delako beren hirian zer gertatzen ari zen, eta zer egiten zuten gobernuan zeudenek euren hiriarekin. Historialariek, urbanistek, arkitektuek, euskaldunek, unibertsitateko ikasleek… denek daukate zer ikasia.

Duela urtebete aurkeztu zenuten dokumentala. Nolako harrera izan du?

Oso beroa. Golem zinemetan aurkeztu genuen, areto nagusian, eta bigarren proiekzio bat inprobisatu behar izan genuen, jende asko kalean gelditu zelako, atean, sartu ezinik. Sartu zirenek dokumentala amaitzean eztabaida nahi zuten, mezuan sakontzeko. Baina bigarren proiekzioa egin behar izan genuenez, luzapenik gabe gelditu ginen, eztabaidarik gabe, aretoa hustu behar genuelako bigarren txandakoak sartzeko. Hala ere, denok pozik geratu ginen, dokumentalak oso mezu garbia eta esanguratsua duelako.

Memoria kolektiboa berreskuratzeko lanean dihardu Nabarralde Fundazioak. Dokumentalak, berriz, ondareari buruz dihardu. Zein lotura dute herri baten memoriak eta ondareak?

Memoria ondarea da, ondare mota bat. Ondarea gizarte baten ondasun guztia da, bere izaera transmititzen duena: lurraldea, hizkuntza, kultura, arkitektura... Gu ondare horretan jaiotzen gara, eta gizarte baten partaide egiten gara horren bitartez. Memoria horren guztiaren errelato zuzena da, mezu horren isla edo narrazio bat

Zer aurreratu dezakezu dokumentalaz?

Behin, hitzaldi batean, honakoa esan zigun Santi Alba filosofo eta lagunak: "Gauzak memoria gordailuak dira", eta hori da funtsa. Memoria gordetzean, gauzek errelato bat kontatzen dute. Horregatik egin dira Iruñean ondarearen aurkako gehiegikeria horiek, gauzak isilarazteko, mutu gelditzeko, benetako historia ez kontatzeko.

Eta ostiraleko hitzaldiaz?

Ondarearen aurkako gehiegikeria hori hainbat tokitan errepikatzen da gure herrian. Beste modu batera esanda, toki guztietan gertatzen da Iruñean gertatutakoa. Gogoeta bat egin dezakegu beste tokietan zer gertatu den, eta gertaera interesgarriak aurki ditzakegu, tokian tokikoak.

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu