Kasetearen nostalgia

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Kultur Mahaia 2010ko urr. 20a, 12:00

Akauzazte musika taldeak 1992an grabatutako bere lehen lana, 'Maite zaitut' izenekoa, kasetean berrargitaratu du Afeite al perro zigiluak. Argazkian, kasetea (ezkerrean), eta edizio berrian gainetik daraman posterra (eskubian). 

Akauzazte_portada

Akauzazte taldeak 1992 kaleratu zuen bere lehen grabazioa, Maite Zaitut izenekoa, berrargitaratu du Madrileko (Espainia) Afeite al perro zigiluak. Maketa, gainera, bere jatorrizko formatuan plazaratu berri da, kasetean hain zuzen. Diskoa zigiluak eginiko azal berriarekin estalita dator, baina azpian azal originala ezkutatzen da. Diskoetxearen arabera, lan honek "ukitu maniako eta eskizoidea" dauka.

Akauzazte taldekoei oroitzapen ugari sortzen dizkiete lehen lan horrek: "Gazteak ginen, freskoak... ilusio asko genuen, eta kantuak segituan egiten genituen", gogoratzen du Iker Arrazola Akauzazteko bateria jotzaileak. "Azkoitiko Matadeixen sortu zen Akauzazte, eta hantxe hasi ginen entseatzen ere", azaltzen du. 

Ez da ohikoa, gaur egun, kasete formatuan ezer argitaratzea, baina Akauzaztekoei aukera horixe suertatu zaie: "Madrilen badugu lagun bat horrelako gauzak egiten dituena. Hau da,  maketa eta lan zaharrak berrargitaratzen ditu. Hark proposatu zigun, guri ongi iruditu, eta horrelaxe berrargitaratu da", azaltzen du Arrazolak. 

Berrargitarapen horretan, Matadeixen grabatutako kasete horretako kantu guztiak daude; Akauzazteren kantuez gain, Standa, Psych Out eta Olki Boys taldeetako kanta bana ere badago. "Hiru talde horiek Akauzazteko kideen taldeak izan ziren, eta hasiera hartan hiru kantu sartu genituenez, orain ere bai", dio.