Maiatzaren Lehena: Proletargoaren antolakuntza inoiz baino beharrezkoago

Erabiltzailearen aurpegia \N 2020ko mai. 1a, 13:33
Langileriaren Nazioarteko Eguna 1886ko Maiatzaren 1ean hasitako greba masibo baten oroimenean izendatu zen, eta langile borrokaren egun erreferentzial bilakatu da. Langileriaren eta burgesiaren arteko eszenatoki politikoa garai bakoitzera moldatzen bada ere, oinarrian dagoen borroka politikoa bertan mantentzen da, eta gaur egun, COVID-19aren testuinguruan, inoiz baino garbiago ikus dezakegu klase borrokak hartzen duen gaurkotasuna. \ \ Gogor kolpatu du eta gogor kolpatuko du langileria COVID-19ak marraztutako testuinguruak. Osasun maskarek jada ez dute balio gainera datorkigun krisia estaltzeko eta, berriro ere, garbi geratu da zein den burgesiaren ofentsiba pairatzen duen sujetua. Izan ere, krisi egoera bat ez du ekintza konkretu batek bakarrik bultzatzen, eta ez da esparru ekonomikora soilik mugatzen. Egiturazko arazo batek azaleratzen du, eta hura ezartzeko beharrezkoak dira aldaketa politiko eta kultural sakonak inposatzea. \ \ Lehendik martxan zeuden dominazio mekanismo sozio kultural eta politiko guztiek mundu mailako diktadura burges baten estalgabetu dira. Osasun irizpideen hizkuntza teknikoan aplikaturiko diktadura, itxura berria baina helburu zaharrak: langileria obedientzia eta diziplina gogorra; langileon bizien mugimendu bakoitza arautuz eta kontrolatuz. Horretarako kaleak militarizatu dira, errepresioa eta poliziaren inpunitatea gailendu zaizkigu, antolatzeko eta protestatzeko eskubideak ukatu, sakabanatu egin gaituzte, bigilantzia modernizatu eta exponentzialki handitu da, lan baldintzak kaskartu eta lan egiteko modu berriak experimentatu dira, eta abar luze bat. \ \ Aurreko urteetan hainbat ekintza eta mobilizazio egin genituen Langileon Nazioarteko Egunean. Lehengo urtean bertan, Azpeitiko eta Donostiako kaleetara atera genituen gure aldarrikapenak; langile borrokaren aldarriak; aurten, kontrara, burgesiaren indar armatuak izango dira kaleetan. Salbuespen egoera honetan, askatasun politikoen auzia lehen lerrora ekarri nahi dugu. \ Krisi kapitalistaren eraginez gizarte osoaren berregituraketa dator, normalitate berria, eta pairatzen ari garen proletarizazio masiboa har daiteke seinaletzat. Burgesiak, hartzen ari den kontrol sozialerako neurriekin, ondoren datozkigun murrizketa ekonomikoak irensteko prestatu nahi gaitu. Langileria otzan bat nahi dute, desartikulatua, beldurrak ikaratua, salbuespen egoerara ohitua, beharrak elkartasuna alboratzera eraman duena. \ \ Autengo Maiatzaren Lehena berezia da langileontzat, bereziki garrantzitsua. Borroka historikoen eta langileriaren etengabeko presioen ondorio diren eskubideak babestea dagokigu, eskubide horiek gauzatuz haien izaera iragankorra gainditzeko eta burgesiaren kontzesio izateari uzteko. Horien artean: biltzeko askatasuna, kamera nahiz mugikor bidezko bigilantziaren deuseztea, egiaren ezagutza osoa, gehiegikeria polizialaren eta inpunitatearen amaiera, manifestatzeko eta protestarako eskubidea. \ \ Horretarako kaleak berreskuratu behar ditugu halabeharrez. Horregatik jarraituko dugu sozialismoaren aldeko borrokan halabeharrez, dominazio-harremanik gabeko gizartea delako askatasun politikoen berme bakarra. Antolatutako proletariotza dugu desio, kapitalismoak dakargigun kondena miserableari bere lege propioak gainjartzeko ahalmena izango duena. Proiektu unibertsal hau da, Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean, hainbat herrialdetako langile guztiok batzen gaituena.