Korapiloa

Berriz ere, beharrik ez dagoen arte

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2024ko mar. 8a, 08:36
(Argazkia: Itxaro Iraeta)

Intza Trulak 2024ko martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da honako hau.

Iritsi da Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Izango da oraindik ere egun honen beharra zalantzan jarriko duenik, eta beti egongo da gizonen eguna zergatik ospatzen ez den purrustada egingo duenik ere. Entzuten dira, baita, emakume langileen eskubideek aldarrikapenik behar ez dutela iritzi dutenak ere. Berdintasuna badagoela eta feminismoak emakumeak gizonen gainetik jartzeko helburu hutsa duela lau haizetara oihukatzen dutenak. Bla, bla, bla...

Horiek guztiak gonbidatuko nituzke egun bakar batez zaharren egoitzetako langileen egoera aztertzera. Horiei guztiei gogoraraziko nieke emakumeek oraindik ere sektore maskulinizatuetan errespetua eta sinesgarritasuna irabazi egin behar dituztela. Horiei guztiei hitz egingo nieke kristalezko sabaiaz. Eta oroitaraziko nieke, baita, badirela bi edo hiru lan dituzten eta hilean 1.000 eurora iristen ez diren emakumeak ere. Egunero ogiaren, dutxa bero baten eta argiaren artean aukeratu behar dutenak, alegia.

Ezikusiarena egiten duten horiei soldata arrakala ez dela desagertuko ere aipatuko nieke. Erraza baita, arazoak gugan eraginik ez duenean begiak eta belarriak estaltzea. Arazoa ezkutatzea. Besterik ezean, lanaldi partzialak onartu behar dituzten langileak ere baditugu gure inguruan, lanaldi osoko soldata eskuratzeko aukera ukatzen zaielarik. Baita 24 orduko lanaldiak dituztenak ere: etxeko langileak, adibidez. Non daude, bada, behargin horien eskubideak? Emakumeen Nazioarteko Eguna itxurakeria hutsa dela iritzi dioten horiei, halaber, atzerritik etorritako emakumeen egoera aztertzeko ere esango nieke.

Horiek hausnartzen jarraitzen –edo lehen aldiz hausnartzen– duten bitartean, har ditzagun gainerakook kaleak beste behin. Bete ditzagun txokoak Martxoaren 8an emakume langileen eskubideen aldeko aldarriekin, eta jarrai dezagun borrokan eskubideok denontzat izan daitezen. Elkartu gaitezen beste urte batez bizitza duinen alde egiteko, bidea luzea baita.