Zer zeruren zain?

Erabiltzailearen aurpegia

Maite ditugu animaliak. Haietako asko bai behintzat. Oso modu berezian maite ditugu animaliak, zeren ez baitakigu gu geu haietakoak garen edo ez garen. Gizaki batzuk animalia huts sentitzen dira (tarteka bederen); beste batzuk animalia hiztun edo arrazoidun; edo animalia jantziak; edo animalia ahulduak. Zenbaitek diote 'ugaztun' sentitzen direla eta gainerako ugaztunen senide. Ni neu idatzia nago 'amakume' naizela eta beste izaki amadun guztien kideko. Ez dago asmatzen erraza.

Animaliak animalia maite izaten du; jolas egin dezake harekin, eta hil ere egin lezake, eta jan. Txikitatik egin ditzake gauza horiek denak batera: neure espezieko animaliatxoak (haurrak) sumatu izan ditut beste animaliatxo bat maitatzen, izenez deitzen eta gero hura bera -hil eta gero- jaten munduko naturaltasun (animaliatasun?) haundienarekin. Maite ditugu animaliak -beste animaliak- eta oso modu berezian maite ere.

Nik zezena maite dut munduan gehiena. Zezena mendian, eta zezena neure herriko plazan eta kalean. Gure bizimodua etxe-zuloko pantallismoan erori denetik, izugarri estimatzen dut sokako zezenak daukan indarra jendea kalera ateratzeko eta gure ohizko ibilera ordenatu eta robotikoa zilipurdika jartzeko. Hainbeste maite ez dudana da zezen-plazako festa, baina hori gustu-kontua besterik ez da neretzat, eta inork ez dezala pentsa uste dudanik zezenketa "tortura" edo "ankerkeria" dela edo holakorik batere. Ni ez naiz animalista eta, zerbait izatekotan, animalisten kontrakoa naiz. Nik animaliak maite ditut, asko behintzat bai, baina ez naiz moralki beste animalien gainetik jartzen; animaliak animalia jaten eta hiltzen du, eta animalistak pentsatuko du denok garela animaliak, baina gu moralki gorago gaudela, eta horregatik izan behar dugula beste animaliak hiltzen ez dituen animalia bakarrak. Animalismoaren azpian nik esango nuke dagoela gizaki askok beren burua ontzeko eta xantutzeko daukaten premia, eta premia honen azpian... nik ez dakit ze kulpa-uste xelebre egongo den.

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide