Andreak: ez zaituztet batere maite

Erabiltzailearen aurpegia (Urola Kostako Hitza) 2016ko urt. 21a, 18:00

Ez zait gustatzen euskarari buruz jardutea. Ez dut eman nahi euskararen apaiz bat. Ez naiz euskaltzalea; ez dut euskalkontsignarik botatzen. Ni, zerbait izatekotan, "euskalzuloa" naiz: euskararen amazuloa, halabeharrez.

Sei-zazpi urte izango nituen. Amarekin nintzen Donostian. Hango kalean ez nuen euskarazko hitzik aditu, eta hori trauma haundi bat izan zen neretzat. Halako belztasun bat gailendu zitzaidan barruan, eta uste dut trauma haren arrastoa ez zaidala oraindik zeharo kendu eta ez zaidala kenduko behin honuzkero. "Baina hauek zer?, zergatik ez dute hitzegiten euskaraz?, ez al dira gu bezalakoak?, ez al dute gurekin ezer jakin nahi?": holatsuko galderak esango nuke zebiltzala mutikoskor haren barrunbean.

Geroztik euskalzulo honek desengainutik desengainura darama bizia, eta desengainurik beltzena da herriko andre-jendearekin hartzen duena, alde haundiarekin. Izan ere, Azpeitian 45 eta 70 urte bitarteko emakumeetan zenbatek egiten dute euskaraz elkarren artean? Nik esan behar banu, erdiek ere ez; laurdenetik gertuago, izatekotan ere. (Badaezpada diot 10 hitzetatik 8 erdaraz esatea ez dela neretzat euskaraz hitzegitea.)

Jarraitu artikulua irakurtzen Urola Kostako Hitza-ren webgunean.