Iritziak lekurik ez duenean

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Azkune 2015ko abe. 16a, 11:04

Askotan gure iritziari pisu handiegia ematen diogu, baina unibertsoari ez zaio axola guk zer pentsatzen dugun. Alferrik esango didazu ez duzula grabitatearen teorian sinesten. Leihotik salto eginda zoruaren aurka hartuko duzun zartakoa berdin-berdina izango da. Beraz, ikasi beharrean gaude arlo askotan iritziak ez duela ezer balio. Datuek eta gertakariek bakarrik dute garrantzia.

Esan berri dudana gure osasunera aplika daiteke. Difteriaren bakterioak bere lana egiten du gure iritzi edo sineskerei jaramonik egin gabe. Hala gertatu zitzaion Oloteko ume gizajo hari. Bere gurasoek ez zuten txertoetan sinesten. Grabitatea ez dela existitzen pentsatuz, leihotik jauzi egiten duenaren antzera, zoruaren aurka joan ziren zuzenean. Ondorioak, ordea, umearentzat izan ziren.

Txertoen inguruan ez dago eztabaidarik. Gaur egun, ongi dakigu jakin, txertoek onurak dakartzatela gure osasunarentzat. Adibidez, aurten, gizateriaren historian lehen aldiz, Somalia Polio gaixotasunaz libratu da txertoei esker. Infekzio arriskutsu asko ekiditeko gaur egun dugun biderik onena da txertoena. Datuek hala erakusten dute mundu osoan. Datuek, ez iritzi eta sineskeriek.

Zergatik komunikabideetan txertoen inguruko hainbeste berri komunikabideetan? Zergatik eman ahotsa txertoen aurka hitz egiten duen gutxiengo horri? Galdera horrentzat, tamalez, ez dut erantzunik. Agian, iritziari garrantzia handiegia ematen zaiolako. Kazetariei erakusten diete arazo baten aurrean iritzi guztiak bildu behar direla. Baina badirudi ez dietela irakasten, iritzien gainetik, egia bilatu behar dela. Arlo batzuetan, egiak ez du iritziekin zerikusirik. Gure osasunean, kasu. 

Txertoen aurkako mugimendua ikerketa zientifiko faltsu baten itzalpean hasi zen. Ikertzaile batzuek argitaratu zuten, txertoen eta autismoaren artean erlazioa topatu zutela. Denborarekin erakutsi zen ikerketa hartako emaitzak nahita aldatu zituztela ikertzaileek, ospearen bila. Beraiek onartu behar izan zuten emaitzak faltsuak zirela. Baina ordurako kaltea eginda zegoen. Beldurra oso boteretsua da, batez ere, ezjakintasunarekin elkartzen denean. 

Ziur nago txertoen aurka hitz egiten duten gehienek intentzio ona dutela. Baina datuen kontra ari dira, itsu. Beren aholkua jarraituz gero, zoruaren aurka joango gara. Eta horretan kazetariek ere badute euren erantzukizuna. Ezin da kalean harrapatu dugun lehen pertsonaren iritzia mediku baten esanarekin parekatu. Medikuak sei urtez ikasi behar izan du, ezagutza pilo bat landu behar izan ditu eta, gainera, urteetako esperientziaren, beste profesionalen esperientzien eta munduan dauden ikerketa zein datuen jabe da. Kalean harrapatu dugun horrek, beldurturik egoteaz gain, zientziaren oinarrizko printzipioak ere ez ditu ezagutzen, gehienetan. 

Kontsekuente izan

Libre zara nahi duzuna egiteko, baina zure erabakiaren ondorioak pairatzeko prest egon. Politikan, futbolean eta etxeko dekorazioan iritziak daude. Osasunean, ordea, datuak eta gertakariak. Ez nuke amaitu nahi Medicus Mundiko langile batek esana idatzi gabe: "Beraien umeei txertoak jartzen ez dizkieten gurasoek denboralditxo bat pasatu beharko lukete Afrikan, egunero umeak hiltzen diren tokian, txertoentzako dirurik ez dagoelako".

Azaroko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.