Haserrea paseatzera

Erabiltzailearen aurpegia da hau Felipe Murillo | Iritzia
2020ko mai. 18a, 08:24

Felipe Murillok 2020ko maiatzeko Uztarria aldizkarian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Mezu baikorren bila bazabiltza, utz iezaiozu irakurtzeari. Gaur ez dut animorik zuretzat. Gaur haserre nago, eta lekua egin nahi diot haserre horri. Izan ere, amaitu zaizkit konfinamenduaren erromantizismoak. Hasieran bai, dena zen irribarre, dena baikortasun, dena meme. "Lortuko dugu!", nioen dei bakoitzaren amaieran. "Gure buruarekin eta etxekoekin konektatzeko erabilgarri izango zaigu" edo "ikasgairen bat aterako dugu honetatik" gisako premisak esaten nituen nire baitan. Error 404.

Amaitu zaizkit guayismoak. Eraikia nuen koloretako mundua ajatzen hasi zait, eta etorkizun beltzean gorriak ikusi beharko ditugula sinesten hasi naiz lau pareta artean bizarra urdintzen zaidan bitartean. Kontua da inoiz baino nabariagoak zaizkidala sistemaren mekanismoak, gabeziak eta kontraesanak, inoiz baino eragiteko ahalmen txikiagoa daukagun honetan. Guztiontzat lekua zegoela zirudien mundua mugatu digute. Aniztasunaren aberastasunarekin ahoa betetzen zitzaigula, neurri berdinak ezarri dizkigute. Lanean hil gaitezke, baina ezin ditugu gure hildakoen hutsuneak landu, eta norbere munduaren kontrola galdu dugunez, aldamenekoa kontrolatzeko tresnak darabilzkigu. Askapenerako inoiz baino aldarri gehiago geneuzkala uste genuenean, denontzat tamaina berekoa den kortse estu bat lotu behar izan dugu. Askatasuna kendu digutela esan nahiko nuke, baina inoiz ez dugula izan agerian geratu dela pentsatzearekin konformatuko naiz.

Haserre nago eta tartea eman nahi diot horri. Agian, doluaren bigarren fasera pasatu naiz, ukaziotik amorrura, eta hori aurrerapauso bat da datorkigun galerari aurre egiteko; betierekotzat saldu nahi diguten baikortasun faltsuaren atzeko emozio desatseginei ere lekua egin beharko diegulako aurrera egin nahi badugu.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu