Tatuaje betierekoa

Erabiltzailearen aurpegia Felipe Murillo 2019ko api. 22a, 13:08

Felipe Murillok Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Tatuaje bat egitea darabilt buruan aspaldidanik. Beti sinestu izan dut gorputza tintaz betetzearen alderdi sinbolikoan. Zerbait edo norbait gogoratzea, etapa bat atzean uztea, tatuatzen den irudiarekiko eta horren esanahiarekiko lotura emozionala indartzea... iruditu izan zaizkit tatuaje bat egiteko arrazoirik onenak. Agian, horregatik ez naiz hausnar-tzen, momentu egokiaren zain nagoelako.

Gaur egun, tatuajeak ezabatzeko teknikak garatzen dabiltza, baina, hala ere, betierekoa izango den zerbait bezala planteatzen dugu. Hortaz baliatzen dira beldurrak (eta pertsonak) tatuaje bat ez egitea argudiatzeko. "Betirako izango da gorputzean", "adinean aurrera zoazen heinean zentzua galduko du" edo "imajinatu zure burua etorkizun batean horrelako marrazki bat gorputzean duela", izan ohi dira entzuten ditugun argudioak.

Kuriosoa da ikuspegi hori, betierekotasuna aldarrikatzen duen gizarte baten aldetik datorrenean, batez ere. Gazteak ginela saldu ziguten ikasketak ongi aukeratu behar genituela, betirako izango ginela erabakitzen genuen hori. Ikasketa horiekin betirako lana topatzen saiatu beharko genuen. Betirako maitasuna aurkitu beharko genukeela iradoki ziguten, betirako erabaki genuen orientazio sexualaren araberako generokoa noski. Betirako lagunak izango genituen. Betirako bizileku bat, etxebizitza bat... Hilkorrak garen arren, betiereko bizitza bat eraikitzen gabiltza une oro.

Beldurra diet "betirako" hartzen diren erabakiei, baina, agian, ordua hartu beharko nuke tatuajea egiteko, bizitza etapetan bizi-tzearen garrantziaz ikasten nabilen honetan, betierekoa den zerbait izan dezadan. Ame-tsak tatuatuko ditut ihes egin ez dezaten.