Harremanen Inspekzio Teknikoa

Afektuzko harremanetan ditugun beharrak

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko uzt. 2a, 09:30

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratzen ditu Uztarria.eus-ek.

Richard Erskinek harremanetan ditugun beharrak formulatu zituen, eta honako artikulu honetan horiek iraupen luzeko erlazioetan nolakoak liratekeen ikusiko dugu.

Segurtasuna eta zintzotasuna: ezinbestekotzat jotzen da egonkortasuna, hau da, behar dugunean bestea berarekin kontatzeko prest egotea. Sentitzen dena argi adierazteko aukera izatea eta mugak errespetuz jartzeko aukera edukitzea.

Harremanean garrantzitsuak garela onartzea: harreman batzuetan definizioa falta izaten da, eta ez da aitortzen besteak norbere bizitzan duen lekua nolakoa den. Horrek lotura urra dezake. Aitortza egitea eta jasotzea garrantzitsua da, baita besteaz atsegin duguna zer den esatea edota guk dugun berezitasun horri balioa ematea ere.

Elkar zaintzea, elkar entzutea, babesa: nahiz eta bakoitza bere buruaz arduratzeko gai izango den, ezinbestekoa dugu ondokoaren arreta, begirada positiboa eta hanka sartzen dugunean onartuak izaten jarraitzea. Hori guztia modu egonkorrean izateak balio handia du.

Besteak gu sentitzea, gu bestearen errealitatean murgiltzea: norbere esperientzia partekatzean besteak gurekin sintonizatzea, konplizitatetik, ulermenetik, hurbil, burbuila berean bagina bezala.

Norbera den bezala izatea, autentikoa, naturala: emozionalki eta fisikoki aske sentitzea, kritikatua izan gabe, lotsarik gabe, epaitua izan gabe, baldintzarik gabe. Elkarren errespetua oinarri izanik.

Bestearengan eragina izan: adierazpen edo jokabide baten ondorioz, besteak erreakzionatzea. Ikusia sentitzea. Adibidez, ilea
moztean, bestea ohartzea, edo jaki goxo bat prestatzean, horri balioa ematea. Lorpenen aurrean, elkarrekin ospatzea. Elkar txalotzea.

Besteak aurrea har dezala: besteak ez luke zain egon beharko guk bata edo bestea egiteko; bere kabuz iniziatiba hartzea oso baloratua da. Ezin dugu sentitu beti harremanean tiraka goazela edo beti zama garela. Arlo erotikoan ere, gako garrantzitsua
da hori.

Sentimenduak adieraztea: harreman guztietan oinarrizkoa da maitatua, onartua, miretsia, goraipatua edo kontuan hartua sentitzea. Horretarako, berebizikoa da maitasun sentimenduak adieraztea.

Betetzen al dira behar guzti horiek dituzun harreman garrantzitsuetan?