HARREMANEN INSPEKZIO TEKNIKOA

Gorputzaren beharrak

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2022ko mar. 5a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratuko ditu Uztarria.eus-ek.

Egunerokoaren abiadura azkarragatik, besteen beharrei gureei baino arreta handiago eskaintzearren edo moralki desegokia iruditzen zaigulako, besteak beste, gerta dakiguke gure gorputzaren beharren aurrean entzungor egitea.

Gorputza gara. Gu garena, hezurmamitzen gaituena, horixe gara. Azalak ingurunearekiko muga marrazten digu, eta bertan bizipen atsegin zein desatseginak ditugu. Norbaitek besarkatzen baldin bagaitu, gu garenarekin konexio zuzena egin dezake, guk geuk ez badugu sentsazioa deskonektatzen. Airea sakon arnasten dugunean, gure bizipenak intentsifikatu egiten dira, asebetetasunera hurbilduz. Nola zabiltza zu? Zure gorputzaren beharrei arreta jartzen al diezu? Norberak bere buruarekin duen tratuak besteekin eraikitzen dituen harremanak baldintzatzen ditu.

Zer iruditzen galdera honako galdera hauek orri batean idatzita erantzutea?

Nola elikatzen naiz? Azkar? Lasai?  Konpainian? Bakarka? Alkohol asko kontsumitzen al dut? Batere ez? Oso zurruna al naiz nire dietarekin? Nire antsietatea elikaduraren bitartez apaltzen saiatzen al naiz? Nola eragiten dit horrek nire harremanetan?

Nola arnasten dut? Azkar eta superfizialki? Lasai eta sakon? Ematen al diot nire buruari arnasteko lekua eta denbora? Zer leku hartzen dute besteek nirekin daudenean? Azkar arnasten badut, haiek entzuteko gai al naiz? Edo nire egonezinak zirriborratzen ditu elkarrizketak? 

Epel eta garbi sentitzen al naiz nire gorputzean? Ala sentsazio desatseginak ditut? Maizago dutxatuko banintz, seguruago harremanduko al nintzateke? Agian, ez naiz dutxatzen, eta orduan ez naiz ateratzen eta sozialki nire harremanak pobreagoak al dira? Hala balitz, ez dutxatzea kontaktua mozteko erabiltzen ariko al nintzateke?

Esfortzu baten ostean, oreka berreskuratzeko beharrezkoa da atsedena. Hartzen al dut nahikoa atseden? Nolako umorea dut nekatuta nagoenean? Nola harremantzen naiz orduan hurbilekoekin? 

Gai al naiz nire erantzun sexualari beharrezko estimuluak eskaintzeko? Nola sentitzen naiz behar erotikoen aurrean? Nire kabuz asetzen saiatzen naizenean, plazera sentitzen al dut? Azkar egiten dut beste zerbait egiteko lehenbailehen? Konforme al nago erotismoari ematen diodan arretarekin? Besteen bizitza erotikoek inbidia sentiarazten al didate? Eta hala bada, nola eragiten dit horrek nire jokabidean? Nola zeharkatzen du horrek nire auto irudia?