Testigantza

Elkarri eta aurrera begira jarraitzeko

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2021ko abe. 4a, 09:00

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. 44 urteko Asierren eta 41 urteko Olatzen testigantza da honako hau.

Ibilbide luzeko bikoteetan, krisialdiak ohikoak dira; harremanak urteak metatzen dituenean, baita kitatu gabeko fakturak eta itxi gabeko zauriak ere. Krisialdia aukera paregabea da aurrera jarraitzeko garbiketa emozionala egiteko eta proiektu berriekin ilusionatzeko. Horren adibide da 44 urteko Asierren eta 41 urteko Olatzen testigantza hau:

"Plax zerbitzura joan izan ez bagina, ez dakit bikote izaten jarraituko genukeen, baina badakit, ez ginatekeela orain bezain ondo egongo. Duela hiru urte hasi zen dena, gure harremana kili-kolo zegoenean. Neskato txikiak, errutina, itxi gabeko zauri zaharrak... Ez genekien, geunden zulotik nola atera.

Nire emazteak Plaxen iragarkia ikusi zuen, eta joateko konbentzitu ninduen. Oraindik ez diot behar adina eskertu. Ez da bide erraza izan, baina pozten naiz ibili izanaz. Bileretan, denetarik izan dugu: eztabaidak, eragindako mina ezagutu dugu, bata bestearen lekuan jarri gara, negar egin dugu, barre ere bai…

Plaxeko sexologoak entzun gaitu, gidatu egin gaitu, eta garrantzitsuena: tresnak eman dizkigu guk bidea egiteko. Ez gara inoiz epaituak sentitu, eta ez da irabazlerik edo galtzailerik izan; biok irabazi dugu. Irakurketak aholkatuz, eguneroko tentsio uneetarako eta egoeretarako trikimailu edo teknika txikiak emanez, batzuetan entzun nahi ez genituen gauzak esanez, ondoezaren kausak aztertuz, pazientzia landuz, profesionaltasun eta hurbiltasun handiz lortu du esaten ziguna onartzea, hori praktikan jartzea eta helburuak lortzea.

Beti irribarre batekin (gauza serio jartzen zenean izan ezik) eta begirada konplize baina profesionalarekin, eroso eta ulerkor sentiarazi gaitu.

Erromantizismoa eta sexualitatea (bikote batean hil ala biziko zerbait) ere landu ditugu, ideiak landuz, aholkuak emanez eta proposamenak eginez. Sexua naturaltasunez tratatzen dut beti, baina txinparta mantentzeko behar den morboa galdu gabe.

Bizi izan dudan guztiagatik, gaizki edo erdi-ondo dagoen oro animatu nahiko nuke Plaxera joatera, edozein dela ere arrazoia; ez da damutuko. Hori bai, argi utzita Plax  Everestera igotzen laguntzen dizun xerpa dela, baina gailurrera iristeko pausoak norberak eman behar dituela".