Harremanen Inspekzio Teknikoa

Zu zeu izateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Erotikan Plax! 2021ko mai. 1a, 09:00
Norberatasuna mehatxatua.

Honako hau Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzuak eta Uztarriak martxan jarri duten argitalpen serieko ekarpena da. Hilean behin zerbitzu horretako kideek egindako elkarrizketak, eskainitako sare afektiboa zaintzeko baliabideak eta jasotako testigantzak kaleratuko ditu Uztarria.eus-ek.

Azken boladan, behar bada, emozionalki gorabehera handiak bizi izan dituzu: tristura, haserrea, utzikeria, pena, indarra, ilusioa, antsietatea edo min, edo horien guztien koktel bat. Harremanetan zein maila pertsonalean kontentzioa eta ziurgabetasuna ari dira gure jendartearen bizitza ibilbideak markatzen.

Azken aldian, zenbateraino daukazu zu zeu izateko aukera? Egin dezagun zer puntutan zabiltzan indartsu ikusteko eta zer ahulgune dituzun identifikatzeko errepasoa.

Zure senari jator entzuteko aukera, zeure irizpideak jarraitzeko askatasuna eta pertsona bezala garatzeko aukera mugatuak izan badituzu, agian, oharkabean, txikiago sentitzen aritu zara. Duin
sentitzen al zara alor guztietan? Familia, ikastegia, etxea, lana, lagunartea, aisia, janzkera, ohiturak, sexu jokabideak eta adierazpenak...

Zure bizitza erotikoan, sexudun zarelako dituzun bizipenetan eta zure sare afektiboan duin sentitu nahiko duzu, eta zintzotasunez aritu ere bai. Kontraesanak dituzula onartu beharko duzu
horretarako, eta zaurgarria zarela ere bai. Eta noski, ondokoak maitatzea eta haiengandik maitatua izatea ezinbestekoa duzula onartu. Oraintxe bertan, gai al zara hori guztia koherentziaz bizitzeko?

Lasai komunikatzen al dituzu zure desioak? Ondokoei beharrezkoak dituzun mugak jartzeko gai ikusten al duzu zeure burua? Nola zaintzen zara gorputza aske mugi dadin? Eta azken
galdera bat, eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa: aske sentitzen al zara etorkizuna amesteko?