Ainhoa Salegi: "Guztiok, gizaki orok, bizi dugu sexualitatea, bakoitzak bere modura"

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Salegi. (Haizea Egiguren)

Ainhoa Salegi ginekologoari egokitu zaio 2019ko urriko Uztarria aldizkarian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Zure lanean zerk sortzen dizu txinparta?

Jendeak bere barne korapiloak askatzeko erakusten duen konfiantzak.

Noiz joan daiteke bat ginekologoarengana?

Arrazoi ezberdinak daude: hilerokoarekin gorabeherak edukitzea, harremanetan zailtasunak izatea, antisorgailuen inguruko informazioa eskatu nahi izatea, transmisio bidezko gaixotasunen inguruko kezkak izatea, menopausiaren ondorioak bizitzen egotea...

Gorputzaz, plazeraz, hilerokoaz... nahiko alde ilunetik hitz egin izan zaigu emakumeoi. Nola bizi duzu hori zure esperientziatik?

Hori aldatzen ari dela uste dut. Belaunaldien artean aldea sumatzen da.

Zer gustatuko litzaizuke transmititzea aludun haur bati?

Gorputzeko beste atal bat gehiago da alua. Alua ezagutzera, esploratzera eta esperimentatzera gonbidatuko nuke haur hori.

Datuek diote prebentzioa garrantzitsua dela (transmisio bidezko gaixotasunak, nahi gabeko haurdunaldiak...). Nola ikusten duzu gaia?

Informazio izugarri egon arren, utzikeria asko dago oraindik. Bizi garen hipersexualitate garaiaren ondorio bat da hori.

Aniztasun funtzionala zein intelektuala duten pertsonen sexualitateaz zer esango zenuke?

Hori asko daukagu lantzeko. Ikusezina izaten jarraitzen du. Guztiok, gizaki orok, bizi dugu sexualitatea, bakoitzak bere modura.

Kitzikatzen zaituen zerbait?

Laztanak jasotzea.

Tratu onen erotismoa entzutean zer datorkizu burura?

Orokorrean, gozamena.

Egunerokoan gure gorputza zaintzeko, zein izan daiteke goxamen pilula bat?

Bakarkako momentuak aprobetxatzea.

Zer behar da elkar ulertzeko?

Konfiantza.

Zentzumenak martxan, pizten zaituen usain bat?

Jaioberrien usaina.

Kuriositate bat?

Kuriosoa egiten zait neska batek estetika kontuagatik bere aluko ezpainak moztu nahi izatea, kirurgia bitartez.

Mendian ala hondartzan?

Ahal den toki guztietan.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide