Gazteok, autodefentsa feminista

Erabiltzailearen aurpegia Ernai 2017ko abu. 20a, 18:05
Lehenik eta behin, gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu Azkoitiko festetan eraso sexista salatu duen neska gazte azpeitiarrari. Ez dugu festetan erasorik nahi, ezta beste inon ere. Gure gorputzak gureak dira, kaleak gureak dira eta baita festak ere. Gozatu egin nahi dugu inolako inposiziorik gabe eta borrokarako prest gaude kendu zaigun askatasuna berreskuratzeko, beldurrik ez sentitzeko. Hortzak zorroztuta ditugu.\ \ Zoritxarrez, ordea, ez da kasu isolatu bat sistema oso batek sostengatzen duen jarrera bat baizik. Ez da munstro batek egina, gure gizartearen seme batek baizik, sistema patriarkalak sostengatua. Gizonen eta emakumeen soldata aldea sostengatzen duen sistema berak, lan erreproduktiboa lan bezala onartzen ez duena esklabutzara kondenatuz, gure gorputzak objektu gisa erakuslehio eta aldizkarietan erakusten dituena, guk geuk erakustea erabakitzean zentsuratzen gaituena, abortuaren inguruko erabakiak gizonen komitetan hartzen dituena gure gorputzen erabakiak besteen esku utziz, txikitatik sexuen araberako genero roletan oinarritutako heziketa inposatzen diguna eta hauek ez betetzea bazterkeriaz zigortzen duena, maitatzeko era bat eta bakarra inposatzen duena, erasotzen duena, bortxatzen duena eta hiltzen duena. Beharrezkoa da, beraz, aldaketa ere errotik eragitea, beharrezkoa da neska gazteok ahaldundu eta antolatzea sistema kapitalista patriarkalaren aurka, burujabetzaren alde.\ \ Horregatik, guk ere parte hartuko dugu bihar 19:30ean Azkoitiko plazan egingo den elkartaratzean eta Azpeitiko gazteak bertan parte hartzera animatu nahi zaituztegu, guztiok garelako beharrezkoak. 18:50ean jarri dugu hitzordua anbulategi aurrean, elkarrekin joateko. \ \ Gora borroka feminista!