Gobernantza feminista helburu

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2024ko mar. 7a, 07:33

Emakume Langileen Nazioarteko Egunaren harira, Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako mobilizazioetan parte hartzera dei egiten die herritarrei Azpeitiko EH Bilduk.

Zaintza sistema publiko komunitarioa dugu ardatz. Bizitzari baldintza duin eta justuetan eusteko apustua egiteko unea da. Horrek begirada feminista eskatzen du, kaleetan zein instituzioetatik bultzatzen ditugun politiketan. 

Azaroaren 30eko greba aitzindariaren bidez, argi geratu zen herritar guztien bizitzek ez dutela berdin balio gure herrian eta emakumeen bizkar dela zaintzaren lan  karga handiena. Ondorioz, emakumeei beren denbora beste gauza batzuetara eskaintzeko aukera kentzen zaie, izan lan ordaindua, militantzia soziala zein politikoa... Hau da, boterea eta gaitasun soziala zentzu zabalean dakarten alorretan aritzeko aukera murrizten zaie. Gizonek, bitartean, boterea metatzen jarraitzen dute. Menderakuntza sistema hori haustea dagokigu. Horixe dugu emakumeen aurkako eraso eta indarkeria ororekin amaitzeko bidea.

Garrantzia eman behar diegu, halaber, publikoaren eta komunitarioaren arteko harremanei, elkarrekin sortzen diren bidegurutze berri eta ardura partekatuei. Politika bizitzaren eremu guztietan artikulatzen da. Dinamika eraldatzaileen bidez, aurrera eraman nahi dugun prozesu subiranistan ikuspegi feminista txertatzea ezinbestekoa da. 

Denok zainduko gaituen herri bat eraiki dezagun. 

Martxoaren 8an, mobiliza zaitez!