Baionara joateko eta elkarrekin bakea eraikitzen hasteko gonbidapena herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Azpeitia 2017ko api. 7a, 17:18

Biharkoa, apirilaren 8a, egun garrantzitsua izango da Euskal Herriaren historian. Egun historikoa eta garrantzitsua izango da euskal herritarrontzat, eta Baionara joateko gonbita egin nahi diegu azpeitiarrei. Gu han izango gara. Denbora luzez itxaron dugun albistearen parte izan nahi dugu, eta bakearen artisauek azaldutako ausardiari eta hartutako bideari gure babesa azaldu nahi diegu.

Gizarte zibila herritar orok osatzen dugu, denok izan gaitezke bakearen eragile eta bihar norbanako guztiok izango gara armagabetzearen protagonista. Etorri zu ere, eta har dezagun parte elkarrekin bakea eraikitzeko bidean.

Biharkoak fase baten itxiera suposatuko du, baina halabeharrez/nahitaez beste bat ireki beharko luke: euskal presoen gaia konpontzearena, bizikidetzarena, erabateko bakearen alegia. Urratsak emateko ordua da.

Azpeitian 11:00etan izango da anbulatorio aurrean Baionara joateko autobusa. Azpeitia eta Hazparne lotzeko ibilaldearen erdian ere Baionara joateko autobusa izango da. Eta beste hamaika bide ere izango dira bihar Baionara joateko.

Baionan ikusiko dugu elkar!