Bertanen spota, Gabonetako ekintzak hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2023ko abe. 1a, 16:51

Gabon hauetan zergatik ez bertan? leloarekin, Xanti Rodriguezek ekoitzitako bideoa argitaratu du Azpeitiko merkatarien elkarteak gaur, eta aurtengo Eguberrietarako martxan jarri dituen eta jarriko dituen ekintzak ere aurkeztu ditu.

Gabonetako kanpainari ekiteko, sentsibilizazio bideoa argitaratu du gaur Bertan merkatari elkarteak. Aurreko urteetako bideoen ildotik apur bat aldenduta, Xanti Rodriguezek ekoitzitako bideoa da aurtengoa. 15. urteurrena merezi bezala ospatzeko, ohiko mezu sentikorrak eta irudi modernoak nahasten ditu bideoak, Gabon hauetan zergatik ez bertan? leloarekin. Hitzez esatea baino, hobe izango da ikustea.

Abenduan sartu gara eta, Gabon usaina nabaritzen hasi garen honetan, Bertanek ondorengo asteetarako antolatu dituen ekintzen berri eman du gaur. Agerraldia egin du horretarako Basazabal jauregian, Nagore Alkorta alkatearekin eta aurtengo spota zuzendu duen Xanti Rodriguezekin batera. Hamabost urte dira merkatari elkartea osatu zenetik eta inoizko ekintza aniztasun handienarekin antolatu ditu aurtengo Gabonak. Kanpaina horiek herriko merkatariei, herrian kontsumitzen dutenei eta, oro har, herriari zuzendurik egongo dira.

Gabonetako XII. Erakusleiho Lehiaketa

Azken urteetan egin bezala, aurten ere Azpeitiko Udalak eta Bertanek herriko merkataritza saltokietako erakusleiho lehiaketa antolatu dute. Azpeitiko saltoki guztiek dute parte hartzeko aukera, merkatari elkarteko kide izan ala ez.

Parte hartu nahi dutenek abenduaren 11rako (egun hori barne) eman beharko dute izena Bertanen telefono zenbakietako batera (943-02 56 73 edo 688 82 39 44) deituta edo WhatsApp-ez idatzita, bertan.azpeitia@gmail.com helbidera mezua bidalita, edo udalaren Kultura sailarekin harremanetan jarrita (943-15 70 68 telefonoan edo kultura@azpeitia.eus helbidean).

Lehiaketan parte hartuko duten erakusleihoek abenduaren 11rako egon beharko dute prest eta, gero, abenduaren 27an jakinaraziko dituzte irabazleak. Honako sariak banatuko dira: lehen saria, 600 euro; bigarrena, 400 euro; eta hirugarrena, 200 euro.

Lehiaketaren oinarri osoak Bertan merkatari elkartearen webgunean daude ikusgai.

Gauzak horrela, Azpeitiko Udalak eta Bertan merkatari elkarteak herriko saltoki guztiei lehiaketan parte hartzeko deia luzatu nahi diete.

Olentzero eta Mari Domingiren ginkana

Gaurtik hasita, abian da Olentzero eta Mari Domingiren aurtengo ginkana ere.

Bertaneko saltokietan eskuorri batzuk izango dituzte abenduaren 23ra bitartean, bezeroei banatzen joateko. Bezeroek, eskuorri horiek elkarteko sei establezimendu ezberdinetako zigiluekin betez gero, 500 euroko erosketa bonu baten eta 200 euroko bost bonuren zozketan parte hartu ahal izango dute. Zigiluak lortzeko, erosketak egin beharko dira sei saltoki desberdinetan. Behin eskuorria sei zigiluekin beteta, herriko hainbat tokitan kokatuko diren postontzietako batean bota beharko da. Honako puntuetan jarriko dira postontziak: Damaso auzoan, Olazko Andre Mariaren plazan, Jose Artetxen (anbulatorio parean), Sanjuandegin (Epaitegien atzean) eta Loiolabide hasieran (Prateneko inguruan).

Zozketa abenduaren 24an egingo da, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera ekitaldian.

Otarreak opari Azpeitia Txartelarekin

Abenduaren 5etik 20ra bitartean, Azpeitia Txartelarekin eginiko erosketen artean 20 elikadura otarre zozkatuko dira. Otarre horiek Bertan elkarteko bazkide diren 20 elikadura saltokik prestatuko dituzte eta Rural Kutxako erakusleihoan egongo dira ikusgai.

Aipaturiko epealdian, datafonoak noizean behin Azpeitia Txartelarekin ordaindutako erosketa bat aukeratuko du, eta orduan, otarre bat izango du saritzat bezeroak. Saritutako tiketarekin Rural Kutxara joan beharko du bezeroak otarrea jasotzera.

Errege Magoen zozketa

Behin ginkana eta Azpeitia Txartelaren bidez egingo den otarreen zozketa amaituta, abenduaren 26tik aurrera Errege Magoen zozketa abiatuko da. Herriko saltoki guztiek hartuko dute parte zozketa horretan.

Bezeroek, herrian erosketak egitean, zenbakidun boletoak jasoko dituzte. Ondoren, urtarrilaren 5ean, Errege Magoen kabalkadan, hiru zenbaki irabazle aterako dira. Modu horretan, saritutako txartelek 500 euroko erosketa bonu bana jasoko dute.

Bertaneko kideak, Goienetxe fundaziokoak, Nagore Alkorta alkatea eta Xanti Rodriguez spotaren egilea, gaur, Basazabalen. (Mailo Oiarzabal)

Haur eta gaztetxoentzako ekintzak

Herriko saltokietan kontsumoa sustatzeko ekintzak ez ezik, haurrei eta gaztetxoei zuzenduriko ekintzak ere izango dira Gabon hauetan, kasu honetan, Bertanek udaleko Hezkuntza eta Gazteria sailaren laguntzarekin antolaturikoak.

  • Hasteko, gaur bertan, Jostarratz egitasmoan herriko saltokiak bisitatu beharko dituzte parte hartzaileek. Izan ere, Hi Selfie telebistako programan oinarrituta, herriko saltokietan aurrez monitoreek ateratako argazkiak errepikatu beharko dituzte.
  • Abenduaren 27an, Gabonetako Marrazki Lehiaketa izango da. Azpeitiko Gabonak gai hartuta, irudimena paperean isladatu beharko dute lehiakide gazteek.
    • Parte hartu nahi dutenek Gabonen inguruko marrazki bat egin beharko dute, din A4 neurriko paperean, nahi duten teknika erabiliz. Marrazkia norberak bere kasara egin ahalko du, etxean, edota udaletxe azpian kokatuko den postura gerturatu marrazkia egitera. Sanagustinpeko postua 17:00etatik 19:00etara bitartean egongo da zabalik. Jasotako marrazki guztiak Sanagustin kulturgunean ikusgai jarriko dira.
    • 20:30ean, Diart arte eskolako kideek osaturiko epaimahaiak bere epaia emango du, saridunak nortzuk izan diren jakinaraziz. Hiru mailatan bereiziko da lehiaketa:
      • Lehen Hezkuntzako 1., 2. eta 3. mailak.
      • Lehen Hezkuntzako 4. 5. eta 6. mailak.
      • Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH).
    • Maila bakoitzean hiru saridun izango dira, eta 50, 30 eta 20 euroko erosketa bonuak lortuko ditzute horiek.
  • Eta gaztetxoek Gabonetako oporrak hartu baino lehen, Aurrez Aurre guraso taldearekin eta udalarekin batera, Gurea erabil dezakezu kanpaina jarriko dugu martxan. Haurrei eta gaztetxoei mugikorra ahalik eta beranduen ematearen mugimenduarekin bat eginez, herriko saltokiek erakusleihoetan itsasgarri bat izango dute, euren dendako telefonoa herriko haurren eskura jartzen dutela adieraziz. Modu horretan, gaztetxoak kalean mugikorrik gabe lasai ibiltzea bultzatu nahi da, gertuko saltokien laguntza izango dutela jakinda.

Gabonetako argiak

Urtero gisa, Azpeitiko Udalak Gabonetako argiak jarri ditu, Bertan merkatari elkartearekin elkarlanean. Azpeitiko hainbat kaletan eta Urrestillan jarri dira argiak, ohi bezala. Abenduaren 5etik urtarrilaren 7a bitartean izango dira piztuta Gabonetako argiak, iluntzen duenetik –automatikoki pizten dira iluntzean– gauerdia bitartean, egunero, 34 egunetan.

Egunero gehienez sei orduz piztuta izango direla aurreikusita, 12,36 kWh-ko kontsumoa izango dute orotara –batez beste, 0,36 etxek urtebetean duten kontsumo energetikoa–. Eguneko gutxi gorabehera 15 eurotik beherako kostua izango du argindar kontsumoan Gabonetako argiztapenak, guztira 510 inguru.

Kaleetan ipintzen diren argiak alokatu egiten dira, eta alokairu horren aurtengo aurrekontua 17.623,65 eurokoa da. 12.705 euro Bertanek ordaintzen ditu, horretarako Eusko Jaurlaritzatik jasotako laguntza baten bidez; gelditzen diren 4.918,65 euroak Azpeitiko Udalak jarriko ditu, merkataritza txikiari bultzada emateko helburuarekin.

Udala eta Goienetxe Fundazioa bidelagun

Bertanek eskerrak eman nahi dizkie ekintza guzti hauen antolaketan lagundu duten guztiei, bereziki Azpeitiko Udalari eta Goienetxe Fundazioari.

Izan ere, beste behin, Goienetxe fundaziokoek Gabonetako apaingarriak egin dituzte, Bertan merkatarien elkarteko kideen saltokietan eta herriko beste hainbat lekuetan ipintzeko, hala nola igerilekuan, kiroldegian eta liburutegian. Aurtengoan, Gabonetako zuhaitzak egin dituzte.