Koronabirusa Azpeitian

Bertan egongo gara

Erabiltzailearen aurpegia Bertan Merkatari Elkartea 2020ko mai. 12a, 11:33

Ez da erraza azken hilabeteetan merkatariok bizi izan dugun egoera hitzez adieraztea. Sentimenduen errusiar mendi batekin aldera liteke, agian; ezjakintasunaren aldapa bortitzean behera, albiste lasaigarriren baten bultzadaz gora; ingurukoen laguntzaz animoa altu tarteka, kezkek gain hartuta zuloan beste askotan. Eta ez da harritzekoa; nor ez litzateke modu horretan sentituko bere bizitzari eusten dion zutabea erortzeko zorian ikusi eta ezer egin ezin dezakeenean?

Merkatariok, beste herritar oro bezala, ezustean harrapatu gintuen osasun larrialdiak, erreakzionatzeko apenas denborarik gabe. Ohartzerako, bi talde handitan banatu gintuzten: premiazko salgaiak merkaturatzeagatik jarduerarekin jarraitu zezaketenak eta saltokia ixtera behartuta aurkitzen ginenak.

Lehen taldekoek, prisma orokor batetik 'pribilegiatu' moduan ikusi badira ere, eurek soilik dakite bizi izan dutena; lanean jarraitu dute, egoerara nola-hala egokituz, osasun ondorioen beldurra izateko denborarik gabe. Hor egon dira gehien behar genituenean.

Bigarren taldekook, jarduerarekin jarraitu ezin eta, bestelako arazoak izan ditugu: esaterako, ezjakintasuna. Informazioaren aroan bizi omen gara, baina geroz eta zailagoa da iturri fidagarriak identifikatzea. Gainera, egoeraren berezitasuna medio, erantzunik gabeko galdera ugari izan ditugu buruan mehatxuka, mamuak bailira.

Jarduerarekin segitu ezinak ondorio asko dakartza, eta guztiak txarrak: langileak izateren kezka zenbait kasutan, denboraldiko produktuak biltegian izan eta denbora aurrera doala ikustea beste batzuetan, ordaindu beharreko fakturak ia beti, edota guztia batera. Eta lanik ezin egin horiei aurre egiteko. Inpotentziaren definizio gisa balio dezakeen egoera.

Dena den, egoerarik larrienek ere izaten dituzte matiz gozoak, honek behintzat, bai. Izan ere, gertu sentitu ditugu ingurukoak, babestuta sentitu gara. Hasteko, herritarrek babestu gaituzte, merkataritza txikiarekiko konpromiso estua erakutsiz beste behin. Bigarrenik, merkatariok geure artean babestu gara, elkarri lagunduz. Azkenik, udalak babestu gaitu, unerik zailenetan ondoan daukagula erakutsiz. Merkatarioi eman digun dirulaguntza, aurrera jarraitzeko babes ekonomikoa ez ezik, egindako lanari aitortza ere izan da. Eskertzekoa.

Aurrera begira pausoak ematen hasi garen honetan, tunelaren amaierako argiak lagunduta edo, asko aipatzen da azken hilabeteetako bizipenetatik zerbait ikasi izana. Osasun zerbitzu on baten garrantziaz jabetu gara gehienok, baita etxetik hurbil saltoki txiki bat zabalik izateak duen balioaz ere. Agian, ordea, ez gara jabetu bien arteko loturaz. Etxetik gertu ditugun saltokietan erosteak haien jarduera mantentzen laguntzen du eta, zergen bidez, aberastasuna gurean gelditzen da. Horrela, besteak beste, osasun zerbitzuak mantendu eta hobetu daitezke. Aldiz, erosketa kanpoko enpresa batean egiten badugu, Interneteko plataforma handietan esaterako, aberastasuna beste herrialde batera doa.

Honekin lotuta, osasun larrialdiak gure kaleen itxura berri bat ezagutzeko ere balio izan du. Argi ikusi ahal izan dugu nolakoak diren gure kaleak ia dendarik gabe, taberna edota kafetegirik gabe, bizirik gabe; inork nahi ez duen bezalako herria. Zorionez, herritarron eskuetan dago geroa, gure bizi eta kontsumo erabakiek eraikiko baitute etorkizuneko Azpeitia. Beraz, inoiz baino gehiago, egin dezagun herri-kontsumoaren alde, egin dezagun geure alde.

Bertan geunden, bertan gaude eta bertan egongo gara.