Presoen eskubideen aldeko eguna ospatuko dute uztailaren 23an

Erabiltzailearen aurpegia Azpeitiko Sare Herritarra 2022ko uzt. 13a, 09:45
2019an egin zuten azkenekoz presoen eskubideen aldeko eguna.

Sare Bizikleta Itzuliaren  bigarren etaparen amaierarekin bat eginez, egitaraua osatu du Azpeitiko Sarek hurrengo larunbat arratsalderako.

Azken bi urteetako etenaren ostean, aurten ere presoen eskubideen aldarria kalean izango da herriko festetan. Sarek antolatutako bizikleta itzuliaren bigarren etaparen amaiera Azpeitian izango da uztailaren 23an, eta hori oinarri hartuta, egun horretarako egitaraua osatu dute.

2022ko Sare Bizikleta Itzulia Etxarri-Aranatzen (Nafarroa) hasiko da uztailaren 22an, eta Donostian amaitu uztailaren 24an. Hiru etapaz osatutako itzulia izango da, eta bigarren etapa Azpeitian amaituko da. Itzulian parte hartuko duten txirrindulariei harrera egingo zaie herrian, eta ondoren, parrillada eta kontzertua izango dira. Herritarrak itzuliarekin bat egitera animatu nahi ditu Sarek, ekintza herrira iristean bertaratuta edo Danonako biribilguneko hitzordura agertuta.

Honako hau da uztailaren 23rako antolatutako egitaraua:

17:15. Bizikleta itzuliarekin bat egiteko hitzordua, Etxe Zuri aurrean. Danonako biribilgunera joango dira bizikletaz.

19:00. Bizikleta itzuliari harrera egingo zaio plazan. Jarraian, ekitaldia egingo da.

20:00. Parrillada eta txotxa plazan. Herritar ororentzat irekia izango da.

22:00. Kilimak taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.  

Gotzon Aranburu Azpeitiko presoak Zaballako espetxean preso jarraitzen du. Euskal Herrian dagoen arren, salbuespespenezko legederik aplikatuko ez balitzaio, etxean izango zen. Aurrerapausoak positiboki baloratzen diren arren, lanean jarraitu behar dela nabarmendu du Sarek. Horrela, uztailaren 23an egingo diren ekintzetan parte hartzeko deia egin nahi die herritarrei.