Saninazioak denontzat

Erabiltzailearen aurpegia \N 2019ko uzt. 19a, 13:22
Gainean ditugu festak, eta dagoeneko aurtengo egitaraua etxez etxe banatzeari ekin diote. Seguraski, herritarrak irrikaz zeuden programa ikuskatzeko eta pozarren hartu dute esku artean. Baserritar eguna, Umeen eguna, pilota partidak, kontzertuak... Interes gehien pizten dion gaiaren arabera, begiak hara joango zitzaizkion bakoitzari. Ilusio horrekin, ordea, akaso, ez ziren konturatuko herritar guztiek ezin izango dutela poz berarekin gozatu egitarauari lehen errepasoa emateko unearekin. Zergatik diogun hori? Euskara hutsean dagoelako, eta Azpeitian herritar guztiek ez dakitelako euskaraz. \ \ Zorionez, Azpeitia herri euskalduna da, munduko herri euskaldunena (10.000 biztanle baino gehiagoko herrietan behintzat), eta hala ere, badakigu ezin garela erlaxatu eta euskararen alde badagoela zer egin. Horregatik, euskara lehenestearen alde gaude, baita bereizketa positibo bat egitearen alde ere horrela badagokio egoerari behintzat, baina ez gaude udal komunikazioetan gaztelania guztiz baztertzearen alde. Eta festetako egitarauarekin, euskaraz ez dakitenak baztertu egin dira. Zoritxarrez, galdetu egin beharko dute beraien herriko festetan zer dagoen jakiteko. Ez dugu ulertzen Azpeitiko EH Bilduk kanpainan behin eta berriz herritar guztien alde lan egingo duela azpimarratzea, eta lehen aukeran hori ez demostratzea. Jakingo dute herritar guztiek ez dakitela euskaraz, ezta? \ \ Dena dela, ez da herritar ez euskaldunengatik bakarrik; egin kontu saninazioak data seinalatuak direla euskaraz ez dakiten euskal herritar askorentzat, jai eguna delako (Bizkaian eta Gipuzkoan). Asko dira euskal pertsonaia unibertsalenaren eguna ospatzera Azpeitira datozenak, akaso zer ekitaldi dauden jakin ere egin gabe. Era berean, festak direla ere ez dakiten (edo bai) turista ugari izaten da herrian egun horietan, oporretan inguruan hartu dutelako ostatu, zezenketetara etortzen direlako... Loiolako eta Azpeitiko turismo bulegoetatik makina bat pertsona pasatzen da egun horietan festak direla-eta zer dagoen jakiteko asmoz. Baina informazioa euskara hutsean dagoenez... edo norbaitek itzultzen die edo jakin gabe gelditzen dira! A zer grazia, ezta? Zer pentsatuko genuke alderantziz gertatuko balitz?