Ignaziotar Bidea Fiturren

Erabiltzailearen aurpegia

Bukatu berria da Fitur turismoaren feria, Madrilen. Oso balantze positiboarekin amaitu da Euskadiren perspektiba turistikoei dagokienez, eta baita Azpeitiarentzat ere, gauzak ondo egiten baditugu. Ez zen falta izan Udalaren ordezkaritza ofiziala, argazki bat atera zuena Euskadiren stand-ean, Loiola-Manresa Ignaziotar bidea ireki nahi dela eta. Izan ere, 2022. urtean beteko dira 500 urte Loiolako Ignazio santuak Montserratera ibilbide hori egin zuenetik. Ia hilabeteko bidea, bere bizitza erabat aldatu zuena, santuaren biografo adituek diotenez.

Aukera ezin hobea da eta ez dugu une hori pasatzen utzi behar, eta kemen osoz eta buru-belarri sartu behar dugu proiektu horretan, izaera erlijioso-espiritualarekin batera, kultura arloa, aisialdia eta kirola ere ezin hobeto bateratzen baititu. Bide horri ekiten dion bakoitzak jakingo du zerk bultzatzen duen bidea egitera.

Baina ibiltarientzat gutxieneko azpiegitura bermatzeak ekimen bateratu eta partekatua eskatzen du, bai bide hori igarotzen den udalerrietako erakunde publikoen aldetik, bai entitate pribatuen aldetik, hotel-azpiegituren, ostatuen eta erlijio-erakundeen aldetik.

Argi baino argiago ikus dezakegu adibide horretan arlo publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlan on batek proiektuaren arrakasta berma dezakeela. Azpeitiak, Udala buru dela, ekimen horren alde jarri behar du. Ondo baino hobeto dakit Jesusen Lagundiak bultzatuta jaio zela, eta Manresako Udala gogo osoz sartu dela. Azpeitiko Udala ez bezala. Ez, behitzat, orain arte. Badirudi pasatzen ikusten duela, nahitaez, egin beharreko protokolo-ikustaldiak eginez, gugandik aparte legokeen zerbait balitz bezala, baina hori ez da horrela. Ez du horrela izan behar. Eskuetan dugun balio turistiko eta kulturala indarrean jartzeko gure aukera da. Azpeitia erreferentea da jesuiten sortzailearen bizitzan.

Ezin dugu berriro errepika dadin utzi gaur egungo gobernu-taldeak Madalenako ospital eraberritua jendeak ikusteko aukera izan zezan erakutsi zuen interes falta –EAJ-PNVko zinegotziek exijitutako hitzarmenaren ondoren zuzendu zena–, eta ez dezatela esan instituzio pribatu baten ekimena dela, eta kito.

Azpeitia-Loiola milaka ibiltariren abiapuntu bihur daiteke, milaka eta milaka baitira santu azpeitiarraren jarraitzaileak, munduko bost kontinenteetan zabaldua duten hezkuntza-sare zabal eta ospetsuaren ukitua eta eragina dutenak. Badakite nor izan zen, eta badakite nongoa zen. Proiektu hori bultzatu eta horren alde lan egitea ere Azpeitiaren sustapen ekonomikoari laguntzea da.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide