Orkatz Goenaga

uztarria.com1 2012ko mar. 30a, 13:00
Orkatz Goenaga
Energiaren arloan eskualderako plangintza egiteko proiektua, 'Energia adimentsua', abian dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek, Ingurugiro Etxea Fundazioarekin eta Loiola Berrikuntzarekin elkarlanean. Gaiaren gainekoak eta Ingurugiro Etxea Fundazioak esku artean dituen bestelako ekimenen ingurukoak erantzuteko, fundazioaren zuzendari Orkatz Goenaga Uztarrian izango da.

1. Iepa Orkatz! Zertan datza 'Energia Adimentsua' delakoak? Eskerrik asko.
Bat

"Energia adimentsua" proiektua eskualdea energia kontsumitzaile izatetik energia kudeatzaile bilakatzean datza. Hau da, orain arte guk energia ekoizpen gune handietatik jaso eta kontsumitu besterik ez genuen egiten. Askotan non eta nola sortua den kontuan hartu gabe gainera. Proiektu honekin edozeinek energia sortu eta sare txikien bidez gertukoen artean banatu dezakegula azaldu nahi dugu. Energia sare moduan sortuz eta kontsumituz; kudeaketa banatua izanik.

2. Hasteko zoriondu gure txikienekin hainbeste urtetan egin duzuen lanagatik. Pare bat galdera ditut zuretzat: Atez atekoaren aurrean ingurugiro etxeak zer jarrera hartzen du? Herrian ingurugiroarenganako sentsibilizazioa handitzeko zein bide hartu behar direla uste duzu? Gaur egun Ekologista hitza sarri erabiltzen da, eta gehienetan gaizki erabiltzen dela uste dut. ez al zaizue iruditzen ingurugiroaren inguruan gendeak ematen dituen iritziak bi muturretatik datozen datuetan oinarritzen direla? Zuek ez al zenukete benetako datuak emateko laguntza bat izan behar? Adibide bat, tartean behin entzuten dira "Orkatz asko dabil gure mendietan, ehizatzen lagako balute..." eta beste aldetik "orkatzak onak dira basoa garbitzeko". Ba horixe, ardoa ere ona omen da bere neurrian. Eskerrik asko erantzuten hartutako lanagatik, eta segi zeuen bidean ingurugiroarentzat onena dena pentsatzen duzuena egiten, denak hortik joango baginake guztia hobeto joango zen eta. Ondo izan!
bat

Eskerrik asko zorinengatik! bestetik, ño hau galdera sorta!!

Zentratze aldera banan bana erantzuten:

Atez atekoaren kontua oraintxe pil pilean dagoen gaia da; bai alde bateko bai bestekoek sortutak ika-mikengatik. Ingurugiro Etxearen iritzia bere patronoek ematen dute, oro har Azpeitiko eta Azkoitiko udalek eta Urola Erdiko Lapatx Zabortegiak; beraz, nik ezin dut Ingurugiro Etxearen izenean horren inguruko irizpiderik eman. Dena den, bai iritzia emango dudala hondakinen inguruan, atez atekoa arazo handiago baten zati txikiena soilik baita. Hondakin egokiena sortzen ez dena da, eta bide horretan Ingurugiro Etxeak beti lan egin du; baina emaitzak ez dira inoiz ikusi, krisia etorri harte hondakinen sorrera igoera geldiezina izan baitu. Gure gizartea, ekonomiak eta eskualdeak (baita munduak ere) hondakinak ez sortzeko bidea hartu behar du, materialen bizi zikloa hartu lineala izatetik itxia izatera pasa (ingelesezko cradle to cradle dena, sehaskatik sehaskara). Hori lortzeko merkaturatzen diren materialak berrerabilgarriak edota (gutxienez) birziklagarriak izan behar dute, eta ondoren merkaturatzaileek zein kontsumitzaileek beraien bizi moldearen ardura bere gain hartu behar dute eta ez administrazioari egotzi tasa bat ordaintzen omen dutelako.
Ingurugiroarekiko sentsibilizazioak zein bide hartu behar duen ez dago batere garbi, esfortzu handia eginda ere epe luzeko lana baita eta emaitzak poliki ikusten baitira. Garbi dagoena da haurrekin 30 bat urte daramagula ingurumen sentsibilizazioa lantzen, eta hainbat guda ekologista horren bidez gainditu direla (hondakinekin jarraituz egun gaizki ikusia dago etxean hondakina ez bereiztea). Dena den, lortzen ez den arazo bat du sentsibilizazioak, helduen heziketa da hain zuzen; pixkanaka haurrak bitartekari bezala erabiliz lortu da hainbat kontutan sentsibilizazioa, baina lan ugari dago egiteko. Hau nola egin beste kontu bat da eta ordu askotako eztabaidagaia genuke.
Azkenik, muturreko datuak eta muturreko ikuspuntuak beti loturik daude. Dena den, denok dakigu ez dela beti ez beltz ez zuri. Ingurugiro Etxea beti saiatu da ahalik eta inpartzialtasun osoz ematen beharrezko datuak, eta inork ingurumen gaietan informaziorik behar badu badaki nora jo. Bide horretatik Ingurugiro Etxea fundazioa datu errealak eta ahalik eta objektiboenak emateko zerbitzua eskaintzen du. Dena den, entzun nahi ez duena da dagoen gorrik okerrena (alde biei esana).

3. Akordatze alaiz umeen museoko laberintukin?
nostaljiko bat

Ño hau orain arteko galderarik zailena! ez ez naiz oroitzen, hasteko ez nuelako zoritxarren umeen museoa ezagutu. Nik ezagutu nuenean jada Ingurugiro Etxea izena zuen eta dinotxu eta konpainia gordeta ziren.

4. Inkestak egiteko herritarren eta enpresen parte-hartzea eskatu zenuten bere garaian. Jendeak ondo erantzun al du? Inkesta bukatuta dago, ala oraindik horrekin ari zarete?
Zeru

Jendearen erantzuna ona izaten ari da. Herritarren artean ez daukagu jendea lortzeko arazorik. Baina esfortzu handia egiten ari gara hau lortzeko. Gure eskuetan ditugun tresna guztiak erabilita ari gara helburura iristen, baina zailtasun ugari daude bidean, batez ere beharrezko datuak eskuratzeko. Dena den, posible da kalean Iraitz nire lankidea topatzea inkestak egiten edota telefono dei bat jasotzea inkesta egiteko eskatuz, mesedez arretaz erantzun 10 minututan amaitua duzue eta! gainera guretzako ezinbesteko lana da.
Bestalde, enpresen aldetik ez dugu nahi genuen erantzuna jaso, eskualdeko ia enpresa guztietara jo dugu banan bana, atez ate, eta oso erantzun eskasa daukagu. Espero dugu hau aldatzea datozen asteetan.
Ikerketa printzipioz ekainean amaitze espero da, eta inkesta bilketa apirilean bertan.

5. Ingurugiro Etxeko museue ezautzeu jendiek, baino ta fundaziyue? Alegiye, zertan ai zeate lanien?
Kaletar

Ni fundazioan nagoenetik garbi ikusi dut jendeak ez duela gehiegi ezagutzen, eta horri buelta ematen saiatu bagara ere ez da erraza izaten ezagutaraztea.
Zertan gabiltzan oraintxe zaila dago esatea,krisiaz gain aldaketa garaiak baitira. Dena den, orain arteko ibilbidean, oraintxe ezagunena den proiektua "energia adimentsua" da, aurreko galderan erantzun dudan bezala inkestak egiten ari garena eta eskualdeko energia kudaketa duena ardatz.
Aurreko otsailean hondakinen prebentzioari buruzko jardunaldi teknikoak antolatu genituen Euskal Herriko udal administrazioetako teknikari ugarik eta kontsultora ugarik parte hartu zutena. Helburua profesionalak heztea zen, zehazki hondakinak ez sortzeko lanabesak eta teknikak irakastea; 90 bat partaide izan ziren. Honelako bi antolatzen ditugu urtero.
Bestalde, eta proiektu ikusgarriena Ereiten proiektua da, bertan, Azpeitian bi eta Azkoitian bestea erakusketa-herri baratzak eraiki ziren, eta azoketan dinamizazio jarduerak antolatu eta sukaldaritza zein baratzezaintza ekologikoko ikastaroak antolatu ziren, arrakasta handiz gainera.

6. Energia kontuan autosufizienteak izatearen beharra entzuten da gero eta gehiago, edo, behintzat, gaur egun ainako urrutiko dependentziarik ez izatearena. Hori posible al litzateke gurean? Eta hala balitz, nola, zer bide jorratuta?
Marian

Posible izan bada! baina gauzak tentuz, patxadaz eta epe luzera planteatuz lortu daitezke, eta garbi edukiz trantsizio egoera luze bat igaro beharko dela (egoera hau ez da txartzat hartu behar, ez du trantsizioak kalterik ekarri behar)
Nola lortu? bi bide: eraginkortasuna eta sorkuntza banatua. Eraginkortasunean denok ezagutzen ditugun ekimenak daude: isolamendua, aireztapenak, neurketak eta kontrolak, argiztapen egokiak,kontsumo ohiturak,... Hauetako askok inbertsioa eskatzen dute, eta hauek berriztapenak egiterakoan eraginkortasun irizpideak barneratzean lortzen dira emaitzak.
Bestalde, zailena eta denboran gehien emango duena da, sorkuntza banatua. Lehenengo galderan aipatzen nuen eredua dugu orain: sorkuntza gune handiak eta kontsumo gune banatuak. Honek aldatu behar du, sorkuntza gunea ere banatua izan behar du, eta kontsumo gunetik gertu egon behar du. Hau da, ongi dimentsionatutako eta energia berriztagarrietan oinarritutako sorkuntza puntu ugari behar ditugu gure eskualdean, zeinak kontsumo puntuekin lotuko diren eta kudeketa eraginkor bat izango duena.
Adibidez: berogailu eta ur bero sanitario sistema zentralizatua duen eraikin batean sistema hori energia sorkuntza berriztagarriez (biomasazko eta termosolarrezko sistema batez adibidez) eta baterako sorkuntzaz hornituz gero eraikinaren bero beharrak eta energia elektrikoaz hornitu dezake. Sistema hau beste honelako gertuko sistemekin elkarlotua eta ongi kudeatua badago eraikinak berak energia behar ez duenean eta sorkuntza bat dagoenean (eguzki panelak ur bero gehiegi sortzen duelako edo energia elektriko gehiego sortu delako) gertu duen beste sistemak aprobetxa dezake (adibidez auto elektrikoa birkargatuz edo ondoko eraikineko berogailuak hornituz) energiaren galera ekidinez.

7. Energiaren kontsumoa murrizteko plangintzarik edo kanpainarik bultzatzen al duzue? Hortik hastea ez al litzateke beharrezkoa?
Txiki

"Energia adimentsua" proiektuaren ardatza da hau, energiaren kudeaketaren plangintza egitea energia subiranotasuna epe luzera lortzeko. Ezinbestekoa da ulertzea energia subiranotasuna ez dela posible oraingo bizimoldeari eutsiz eta energia kontsumoa gutxitu gabe. Energia gehiegi kontsumitzen dugu eta hori mugatu behar da. Horretan ari gara.

8. Zer da 'energia adimentsua'?
azpeitiarra

Hau lehenego galderan erantzun dut

9. Zer eiteu Ingurugiro Etxea Fundazioak gaur egun?
gaztie

Hau ere aurreko galdera batean erantzun dut

10. Atez ateko bilketa sistema ingurugiroarentzat dioten bezain ona al da?
iepa!

Atez ateko bilketa ez da ez ona ez txarra ingurugirorentzat, bilketa sistema bat besterik ez da; garrantzitsua dena zero zabor estrategia bat martxan jartzea litzateke. Hor atez atekoa edo beste edozein bilketaren artean erabaki behar du gizarteak, hainbat eredu baitaude. Garbi dagoena da hondakinen bilketa egun ez dela eraginkorra.
Gainera, nire uste (hau iritzi pertsonala da) eztabaida eta iskanbila atez atekoan zentratzen ari da, gehiegi politizatuz gainera. Eztabaida beste bat izan behar du, bai gure kontsumo ereduaz,eta kontsumoa egiteko moldeez, bai merkaturatzen diren produktuez eta bai guk herritarrok bai enpresek bai administrazioak ditugun eta onartzen ez ditugun ardurez.

Agurra

Eskerrik asko denoi galderak bidaltzeagatik eta ingurumenaz erakutsi duzuen kezkagatik! segi horrela! Eskerrak era Uztarriari aukera hau emateagatik!
ondo izan